Urtero legez, herri bazkaria antolatu du Haujijijai batzordeak San Inazio bezperarako, hilaren 30a, eta otordurako txartelak eta aurtengo kamisetak eskuratzeko aukera izango da gaur eta bihar. 17:00etatik 20:00etara jarriko dituzte horiek salgai, plazako arkupeetan. Aurten lehenengo aldiz, Haujijijai batzordekoek Marea Urdineko kideen laguntza jasoko dute txartelen salmentan eta beste zenbait ekintzatan.
Bazkarirako txartelek hamar euroko prezioa dute, kamiseta bost euro ordaindu beharko da, eta biak batera eskuratzea nahi dituztenek hamahiru euro ordaindu beharko dituzte.
Duela aste batzuk aurkeztutako logo eta lelo berria izango dute kamisetek. Beraz, Haujijijai batzordeak horiek erostera animatu ditu herritarrak, festak arroxaz janzteko.