Mendi ibilbideak itxita

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2020ko aza. 11a, 10:28

Narzabal eta Urruzuna baserrien goiko aldean dagoen langa, giltzatua. (Jose Mari Aizpitarte)

Azpeititik Samiñora Ignazioren Bidea jarraituz ibilaldia egiten hasi eta bidean aurkitu dituen oztopoen berri eman nahi izan du Jose Mari Aizpitartek.

"Samiño aldera joateko asmoz, Azpeititik abiatu gara Usandizaga baserritik Narzabal eta Urruzuna baserrira heldu arte. Zuri-gorriz markatutako bidea jarraitu dugu, bide honek Oñatzetik Pagotxetara, Zumarragara eta azkeneko horretatik aurrera jarraitzen du, eta Ignazioren Bidea bezala ezagutzen da. Heldu garen puntu horretan bi aukera ditugu, bueltan jaitsi, Narzabal edo Urruzunatik Loiolara; edo marka zuri-gorriei jarraituz gero, Garin baserritik Oñatzera helduko ginateke, eta hortik Pagotxetara, Samiño, Izazpi edo Ignazioren Bidea jarraitu. Gure sorpresa bidegurutze honetan agertu da, bidea itxita dago, langa dotore eta kate sendo batekin giltzapeturik. Hemen amaitu da gure ibilaldia, ezinezkoa da aurrera jarraitzea. Daukagun aukera bakarra Loiolara edo Azpeitira itzultzea da. Gauza bera gertatzen da bidea alderantziz egiten bada, Garin baserria pasatu eta berehala aurkituko gara lehen esandako langarekin.

Beraz, ezinezkoa da markatutako bide zuri-gorria jarraitzea. Hau izan da gertatu zaiguna, orain agintariei dagokie legeak esaten duena ezartzea, honela mendizaleek eskubidea izan dezaten bideetatik zehar ibiltzeko, gure herriko bazterrak ezagutuz. Besterik gabe, agur bero bat".

"Goiko argazkian ikusten dugun txabolaren parean dago beherakoan aurkituko dugun langa, katez giltzapeturik. Animaliak daudela jartzen duen arren, ez argazki hauek atera ziren egunean, ezta lehenago ere, ez zegoen animaliarik", dio Aizpitartek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide