Frontoi Txikian eskuzkoek dute lehentasuna

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2020ko aza. 29a, 08:00

Frontoi Txikia erabiltzeko lehentasuna eskuz jokatu nahi duten herritarrek dutela gogorarazi du Antton Artetxek. Araudia denen bistan jartzeko eskatu dio udalari, eta araudiak dioena errespetatzeko eskatu die herritarrei.

Azken hilabeteotan arauak jarri dizkigute gauza guztietarako, eta egunero gogorarazten digute zein garrantzitsua den horiek betetzea. Arauak errespetatzeko eskatu digu udalak, eta baita haren gainetik dauden agintariek ere. Baina, gero, herrian badira arauak inork errespetatzen ez dituenak, eta ez dirudi hori inori axola zaionik. Hori gertatzen da, adibidez, Frontoi Txikiko erabilera arauekin. Lehen, gutxienez, horman jarrita egoten ziren edonork irakurtzeko moduan; baina azkenaldian, ezta hori ere. 

Frontoi Txikia, berez, eskuz aritzeko frontoia da, eta araudiak dio lehentasuna dutela esku pilotan ibili nahi duten herritarrek. Baina praktikan, inork ez du hori errespetatzen. Jende ugari joaten da hara palaz jokatzera, eta libre dagoen bitartean ez zait gaizki iruditzen; baina eskuz ibili nahi duen norbait azaltzen denean, hari utzi beharko liokete frontoia, araudiak dioelako lehentasuna eskuzkoek dutela. 

Horregatik, udalari eskatu nahi nioke jar dezala erabilera araudia denen bistan, lehentasuna nork duen argi eta garbi azalduta, eta ziurtatu dezala herritarrek araudi hori errespetatzen dutela.

Eta behin hasita, beste gauza bat ere eskatu nahi nioke udalari: Ilunpe pilota elkarteko gaztetxoenei ere Izarraitz pilotalekua erabiltzeko aukera emateko. Kadeteek eta hortik gorakoek badute aukera hori, baina infantilek eta hortik beherakoek ez. Denak Ilunpeko pilotariak izanda, uste dut denek izan beharko luketela aukera hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide