Bizikleten trastelekua kalean

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2023ko ira. 18a, 14:31

Trastelekutik kalera ateratako bizikletak, amaraun eta guzti, Barrenetxen. (Utzitakoa)

Barrenetxe auzunean bizikletak uzteko dagoen gune publikoa erabiltzen ez diren bizikletekin betetzen ari delako kexua helarazi dio Uztarriari herritar batek. Arazoa konpontzeko neurriak ere proposatu ditu.

Barrenetxe auzunean zenbaitek trastelekuan enbarazuan dituen bizikleta zaharrak kalera atera eta bizikletak uzteko gune publikoan laga dituelako kexu idatzi du herritar batek Uztarriara, salatu nahi duen egoeraren adibideekin hainbat irudi gehituz (goikoa, horietako bat).

"Irudi hauek publikatu nahiko nituzke, udala konturatu dadin zeinbatek norberaren etxean/trastelekuan estorbuan dituzten bizikletekin kaleak trasteleku bihurtzen dituztela", dio herritarrak.

Salaketa publikoa egiteaz gain, salatu nahi duen egoerari konponbidea emateko neurriak ere proposatu ditu Uztarriara mezua igorri duen erabiltzaileak. "Udalak neurriak hartzea oso erraza du, adibidez, Zarauzko eredua jarraituz: erabiltzen ez diren bizikletak (nabarmenak dira) zinta batekin identifikatzea; inguruan oharra jartzea, esanez erabiltzen ez diren bizikletak (zintarekin identifikatutakoak) garbigunera eramango dituztela; hamabost eguneko epean ez badago bizileta txukunduta edota erabilita, zuzenean erretiratu". Horrelako edo antzeko neurriak hartu aurretik horien berri zuzen ematea ere eskatu du herritarrak, "jendea mentalizatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide