Oielarre eta Bikola baserrien arteko zubi barreneko ibaiertza zabortegi bihurtzea erabaki zuen norbaitek aspaldi, eta horrela jarraitzen du. Lehen ere Aratzerrekaren ondoko penditz horre egoera salatu izan dute Azpeitia Gukaren erabiltzaileek, eta oraingoan toki berean ateratako beste argazki bat bidali du herritar batek erredakziora.
Esnea, ura eta bestelakoak ontziratzeko erabilitako dozenaka plastikozko botila huts ikusten dira irudian, ur ertzetik bertan. "Hau nola jasan behar da? Lotsagarria!", adierazi du herritarrak, etsipenez eta amorruz.