Urrestillan aurrera doaz herrigunea berrurbanizatzeko lanak. Hain zuzen ere, lan horien bigarren fasea bukatuko dute aurki. Besteak beste, Sinberguentzako zubia eta ingurua asfaltatzeko eta margotzeko lanak hasi dituzte, eta ondorioz, orain arte mugatuta izan duten pasabidea erabat etengo zaie ibilgailuei –larrialdietarako izan ezik– Zerralde kaleruntz datorren ostirala arte.
Ibilgailuentzat pasabidea eteteak baino, eragozpen hori jakinarazteko moduak haserretu du Gukara kexua eta argazkia bidali dituen herritarra. Ostiral iluntzean Zerralde kalean jarritako kartela da irudikoa –data-eta zuzenduta asteburuan aldatu dute, Gukara ere zuzendu den herritarraren kexaren ondoren–, eta horixe da kale mozketa jakinarazteko erabili den elementu bakarra. Horrek eragin du herritarraren kexa: "21 etxebizitza ibilgailuen sarbiderik gabe. Suhiltzaileak, anbulantziak, polizia, haurtzaindegirakoak... Hegan iritsi beharko. Eta abisu miserable bat ere ez. Kartel horixe bakarrik eta... halamoduz. Zer esaten duen ulertu behar da. Eta herritarroi? Bukaeran abisatuko zaigu? Inauguraziora... Pintxoak itxurazkoak, eta denontzat izango al dira! Edozer gauza...".