Sanjuandegiko saunako higienea dela eta...

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa

Saunako horma batean jarrita dagoen kartela, arauak adieraziz.

Sanjuandegiko udal kiroldegiko saunan bizi duen egoeraz kexu agertu da herritar bat. Gune horretan toalla erabiltzea derrigorrezkoa den arren, askok ez dutela arau hori betetzen nabarmendu du hark.

Herritar batek Sanjuandegiko udal kiroldegiko saunan bizi duen egoera azaldu dio Gukari. Hark adierazi duenez, sauna gelan bi arau daude "bista-bistan" jarrita: "Isiltasuna, mesedez" eta "toalla derrigorrezkoa da".

"Isiltasuna nahiko ondo errespetatzen dela esango nuke, baina toallarena inork ez du betetzen, ez sauna barruan, ez atseden hartzeko literetan. Emakumeren batek, tarteka. Saunara sartzean, zure aurretik egon denaren izerdi patsen gainean esetzen zara, toallarik erabili ez badu. Hori higienikoa denik ezin esan. Literetan ere ez dute toallarik jartzen. Beheko partean edo azpian zaudenean, gainekoaren izerdi tantak literaren zirrikitutik zure sudur puntara erortzen zaizkizunean egiten duen grazia... Higienikoa, ezta?", adierazi du herritarrak.

Hark nabarmendu du bere esperientziatik idazten duela kexa hau, bera joaten den orduetan ikusitakoa baita aurrez azaldutako egoera.

"Uste dut, hainbeste jende dabilen lekuan, higienea zaintzea ezinbestekoa dela eta errespetu gehiago eduki behar dela. Arauak argi eta garbi jarrita daude. Zerbaitegatik. Orain, betetzea falta da", erantsi du herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide