Herritar baten arreta deitu du Lasaoko gasolindegian –Zestoatik Azpeitirako norantzan dagoenean– jarrita dagoen kartelak. Ez da gutxiagorako; izan ere, gaztelaniatik euskarara itzulpen erabat traketsa egin dute gasolindegian ez dagoela arreta eskaintzen duen langilerik jakinarazteko. Hala dio: "Estación desatendida". Euskaraz, berriz: "Denboraldia arretarik gabe".
Halaxe dela dio argazkia Gukaren erredakziora bidali duenak. "Bai, denboraldia darama kartel horrek leku horretan, arretarik deitu gabe. Eta kartela itzultzerakoan ere ez dute arreta handirik izan". Gainera, oharra lehenik gaztelaniaz eta gero euskaraz irakur daitekeela ere salatu du herritarrak: "Orain ere, euskara bigarren mailako".
Iazko ekainean herritar batek bidalitako argazkia eta salaketa kaleratu zituen Zaparraie euskara taldeak. "Gaztelerarekin ez da pasatzen halakorik", zioen karteleko euskarazko itzulpenari erreferentzia eginez. Urtebetetik gora pasatu da, baina hantxe jarraitzen du kartelak, edonork ikusteko eta irakurtzeko moduan.