"Urte asko daramatzagu Garmendi auzuneko bizilagunok askotariko kexak jartzen Azpeitiko Udalean, baina alferrik izan dira orain arteko guztiak. Gai honi lotutako kexak ere argitaratu izan dira hedabideetan, baina horiek ere ez dute ezertarako balio izan.
Izarraizpe ikastola publikoaren aurrean autobus pilo bat egoten dira bata bestearen atzean geldituta, eta oso arriskutsua gelditzen da errepidea gidariontzat. Alde bat guztiz itxita gelditzen da, eta horregatik, beste erreia hartu behar izaten dugu aurrera egiteko. Beste errei horretatik, ordea, askotan etortzen dira kotxeak ziztu bizian, eta sarri ez atzera, ez aurrera gelditzen gara. Hori gutxi ez, eta zebra bidetik datozenak ez dira ikusten, eta egoera arriskutsu ugari izaten dira, korrika irteten baitira ikasleak askotan eskolatik. Bideo honetan bertan garbi ikus daiteke gertatzen dena.
Bestalde, Azpeitiko Udalak Garmendi auzunearekin duen utzikeria ere salatu nahiko nuke. Urteak dira parkea kendu zutela, eta ez dute ezertxo ere jarri auzoan. Ur parkeren bat edo jarri nahiko dute agian horrenbeste denbora behar izateko…".