Herritar batek kexa bidali du Gukaren erredakziora, autoko kristalean kolpea eman diotela eta. Garmendi auzoko aparkaleku batean zuen autoa herritarrak, eta hara sorpresa: "Goizean autora joan eta kristalean kolpe handi bat aurkitu nuen".
Hark esan duenez, "zorionez" ez zen guztiz apurtu, baina salatu du "argi" ikusten dela norbaitek "nahita" kolpatu zuela. "Une horretan amorrua, tristura eta ezinegona sentitzen dira, batez ere ulertzen ez duzunean zergatik egin dezakeen norbaitek horrelako zerbait", gaineratu du.
Autoa konpontzeak sortzen duen "gastua" alde batera lagata, horrelako gertaerek sortzen duten "segurtasun falta" aipatu du. "Ez dut uste alarmismoan erori behar denik, baina komeni da auzotarrok adi egotea eta gure inguruan gertatzen denari arreta gehiago jartzea. Batzuetan, denon arteko zaintzak eta komunikazioak asko lagun dezake horrelako egoerak saihesten".
Inor beldurtzeko asmorik ez duela esan du, gertatutakoa azaltzea baino ez duela nahi: "Gure auzoa beti izan da giro oneko eta lasaitasun lekua, eta denon ardura da hori mantentzen saiatzea. Espero dut nire kasua gertakari isolatua izatea eta berriro halakorik ez gertatzea".