Arratoiak, eguneroko bisitari bihurtuak

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2026ko uztailaren 22a

Estali gabeko igerilekuan arratoien presentzia egunerokoa bilakatu dela eta, beste herritar batek ere bidali du kexa. Ume asko ibiltzen diren gunea dela gogorarazi du hark.

Arratoien ugarialdiak ohikoak izaten dira herrietan, eta Azpeitian karraskari horien populazioa aski hazita dago azken boladan; han eta hemen agertzen dira arratoiak, batez ere ibaia gertu eta jateko baliagarri zaien zerbait dagoen guneetan. Estali gabeko igerilekua da toki horietako bat; azken boladan, sarritan agertu dira arratoiak, eta herritar bat baino gehiagok jo du Gukara, haien presentziarekin asaldatuta. 

Herenegungoa da honako bideo hau. Irudiak Gukaren erredakziora bidali dituen herritarrak azaldutakoaren arabera, Udaltzaingoari ere eman zion abisua. Hala zioen mezuan: "Azken boladan sarritan ikusten dira arratoiak igerilekuko zaborrontzien bueltan, eta ume ugari ibiltzen dira inguruan. Udaltzaingora ere bidali dut bideoa, eta neurriak hartuko dituztela esan didate".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide