Ama batek, guraso talde baten izenean, igerilekuko aldagela bustiko dutxen egoeraren inguruan kexa bidali du Gukaren erredakziora, haserre, dutxa horiek egoera "negargarrian eta kezkagarrian" daudela iritzita, eta berritzeko eskatuz. "Ikasturtea hasi denetik, umeen igeriketa ikastaro pila bat egoten dira arratsaldero. Behin ikastaroa bukatuta, dutxatu egin behar izaten dute ume horiek guztiek, eta dutxetan egoera itogarria sortzen da, umeek arazo handiak baitituzte euren kasa dutxatzeko".
Ama horren esanetan, dutxak pizteko eta uraren tenperatuta erregulatzeko sistema da arazoa. "Hasteko, ume txikienek arazoak izaten dituzte dutxa pizteko, botoiari indarrez sakatu behar zaiolako, eta martxan jartzea lortuta ere, denbora gutxi irauten duelako. Ura, ordea, oso bero irteten da; beraz, ur hotza ireki behar izaten dute gurpil bat biratuta, baina ur hotzaren txorrota irekita geratzen da. Hortaz, ur beroa bukatzen denean ere, ur hotzaren txorrotak martxan jarraitzen du, berriz botoiari sakatu eta ur beroa martxan jarri arte. Eta horrela denbora guztian".
Guraso horren esanetan, oso zaila bihurtzen da umeak dutxatzeko une hori, batez ere txikienen kasuan. "Ondorioz, etxean euren kabuz ederki dutxatzen diren umeek igerilekuan gurasoen laguntza behar izaten dute, horrek dakarren guztiarekin. Eta zer dakarren horrek? Gurasook oinetakoak erantzi, txankletak jantzi eta dutxetara sartu behar izaten dugula, eta han pilatzen garela ume eta guraso mordo bat, egoera itogarria bihurtuz".
Horiek horrela, "denen onerako", umeek erraz pizteko, itzaltzeko eta tenperatura erregulatzeko moduko dutxak eskatu ditu guraso horrek, euren kabuz dutxatzeko aukera izan dezaten. "Eta bidez batez, ile lehorgailuak ere konponduko balituzte kalterik ez, horiek ere ez baitute funtzionatzen".