Auzoan filmatzen, aurrez auzotarrei jakinarazi gabe

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa

Filmaketa lanak gaur goizean Damaso Azkue auzoan. (Guka)

Damaso Azkue auzoko bi lokaletan filmatze bat hasi dute gaur goizean, eta lan horiek tarteko, auzoko hainbat aparkaleku eta auzoaren zati bat hartu dituzte. Auzotar batek bere haserrea azaldu du, lanak aurrez auzotarrei ezer jakinarazi gabe hasi dituztelako.

"Goizean-goiz jaiki, portaletik irten eta auzoan muntaketa handi batekin egin dut topo. Arrastorik ez genuen filmaketa bat hasi behar zutenik ere", azaldu du haserre Damaso Azkue auzoko bizilagun batek. Gaur goizean goiz hasi dituzte film baterako filmatze lanak Damaso Azkue auzoko bi lokaletan, barruan ari dira filmatzen, baina "kontrastea egiteko" kanpoaldean argi foku handi bat jarrita dute, baita panel handi bat ere. Horrek guztiak auzoaren zati bat hartzen du, Laratz tabernaren eta Oilo Soro soziedadearen artean, eta hainbat aparkaleku ere okupatuta dituzte. "Horrelako muntaketa izanda, auzotarrak aurretik jakinaren gainean egon beharko genuela uste dut", azaldu dio kexa auzotarrak Gukari.

Gukak jakin duenez, El hijo de todos pelikula ari dira filmatzen Damaso Azkue auzoko bi lokaletan. Miguel Angel Blancoren inguruko film bat da. Blanco, Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzia, ETAk bahitu zuen 1997ko uztailaren 10ean; handik bi egunera buruan tiro egin, eta hurrengo egunean hil zen. Filmaren zuzendaria Alvaro Brechner (Montevideo, 1976) da. Damaso Azkue lokaletako filmaketaz gainera, Azpeitiko beste tokiren batean ere filmatuko dutela adierazi dio filmaren lantaldeko batek Gukari, zehaztu gabe non izango den.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide