Honakoa da O.L. herritarrak Gukara helarazi duen kexa: "Azpeititik Eibarrerako UK05 autobus zerbitzuaren egoera ordu puntetan lotsagarria da. Ikustekoa da Azpeititik 07:20an eta Eibartik 14:50ean irteten duten autobusak jendez gainezka nola joaten diren. Autobus txikia da, eta Azpeitiko anbulatorioan aurreko geltokian goraino betetzen da, jendea zutik aurreko kristaleraino. Azkoitian herritar batzuk jaisten dira, baina jaitsi baino igo jende gehiago egiten da, eta denak zutik Elgoibarrera edota Eibarrera arte. Azkarateko errepidean, eta jendea zutik dela autobusean. Horrenbeste trafiko istripu eta hildako izandako errepidean, autobusa goraino beteta, jendea zutik. Autobusean dena libre dela ematen du, ibilgailua gainezka, jendea tente.... Lotsagarria da!".
UK05 autobus zerbitzua Eibarrera eta Elgoibarrera joaten diren ikasleek eta langileek erabiltzen dute batik bat, kexa azaldu duen herritarraren arabera. "Ikasle asko joaten da Elgoibarrera eta Eibarrera Azpeitia eta Azkoitia ingurutik, baita langile asko ere". O.L.k adierazi du UK05 autobus zerbitzuaren egoeraren inguruan behin baino gehiagotan kexatu dela Lurraldebusen eta Gipuzkoako Foru Aldundian. "2023an Lurraldebusen kexa jarri nuen eta handik aldundira bidali zuten kexa. Bueltan jasotako erantzuna honakoa izan zen: Azkarateko errepidean legez onartuta omen dago autobusean jendea zutik joatea. Legez onartuta egongo da, baina bidezkoa al da? Zerbait gertatu arte? Autobus zerbitzua ematen duen enpresara ere deitu dut, baina ezer ez".