Bi kultura mota omen daude: bata agerikoa, eta bestea, ez agerikoa. Ageriko kulturaren barruan sartzen dira honako hauek: literatura, musika, zinema, pintura, bertsolaritza eta abar; beraz, arte generokoak. Eta zer da, beraz, agerikoa ez den kultura? Bertako jendeak bizitzan sakon errotuta dauzkan ohiturak eta pentsamoldeak, bizitzari begiratzeko ikuspuntuak eta abar. Kanpotarrak ez dira erraz konturatzen horiez, bertakoak eta horien bizitza gertutik ezagutu gabe.
Euskaldunen kasuari erreparatuz, hona hemen adibideak (nik Azpeitian ikasitakoak): Euskal Herrian, "xurre izetie" ikaragarri gaizki ikusita dago (gurean ere bai, baina ez zuenean bezainbat). Hori zuen bizitzan oso garrantzitsua den pentsamoldea da. Euskal Herrian, oparia diruz egitea ez da hain normala. Lagunari lan bat eskertzeko dirua emateak lotsa ematen dizue, eta diru hori jasoko lukeenari ere gauza bera. Beraz, diruari lotsa edo horrelako zerbait diozue; hori ere euskal gizartean dakusadan mentalitate aipagarria da. Adibide gehiago emango nituzke, baina gaurkoz, besterik gabe. Agerikoa ez den kulturaz jabetzea interesgarria eta garrantzitsua da bertakoak ondo ezagutzeko.