Kazetari batek zera galdetu zidan: "Nola gonbidatuko zenituzke euskara ez dakiten euskal herritarrak euskara ikastera?". Horrelako galderei beti erantzun bera ematen diet: euskara bizirik mantenduko badugu, ez dakitenak euskara ikasteko konbentzitzea baino lehenago egin beharreko zerbait badagoela, euskaraz dakizuenon artean beti –momentu eta leku guzti-guztietan– euskaraz egitea. Egia esateko, oraindik zenbait euskal hiztunek beraien artean erdaraz egiteko ohitura handia dute (ondoan dituzten umeei eta txakurrei, berriz, euskaraz! Baita Azpeitian ere!).
Euskaraz dakizuenok ez badiozue elkarri euskaraz egiten, inork ez dio euskarari garrantzirik emango, eta euskaraz ez dakiten euskal herritarrek honako hau esango dute: "Begira, euskaraz dakitenek elkarri erdaraz egiten diote, orduan zertarako existitzen da euskara eta zertarako ikasi behar dut nik euskaraz?".
Modu horretan, nola gonbidatuko ditugu euskaraz ez dakitenak euskara ikastera? Ezinbesteko pauso hori eman gabe, erdarara jotzen duten euskal hiztunek eta hori onartzen dutenek euskara hilobira bidaliko dute.