Han eta hemen

Profesionala

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2024ko urr. 8a, 07:32

(Argazkia: Guka)

Hiromi Yoshidak 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

2024ko martxoa. Bilbotik Amsterdamerako hegaldia. Bidaiariok hegazkin barrura sartzen. Sarreran, hiru langile, irribartsu, gure zain. Bilbotik Europako hirietarako hegaldietan langileak gaztelaniaz eta helmugako hizkuntzan aritu ohi dira, baita ingelesez ere. Oraingo honetan, Herbehereetako konpainia izanik, herbeheretarrez, gaztelaniaz edota ingelesez hitz egitea espero dut. Eta langileetako batek –asiar itxura duenak–, "egun on, buenos días" esan digu. Txunditurik eta pozik, eta nik ere berari: "Egun on". Bera nongoa den galdetu nahi izan diot, baina nire atzetik jende asko zetorrenez, ez dut galdetzeko astirik izan.

Herbehereetako hegazkin konpainia izanda, langileak herrialde horretakoak izatea normala izango da, baina hala ez izatea ere –adibidez, bilbotarrak izatea– oso posiblea da. Dena den, bakoitza nongoa den ez da garrantzitsua. Kontua da bidaia pila bat egin izan ditudala Tokiotik Bilbora, eta hegazkineko langile batek euskaraz agurtu gaituen lehenengo aldia izan dela. Langile horrek berak lan egiten duen hegazkina ateratzeko lekuan bizi den hizkuntza errespetatzen duela adierazi du. Jarrera hori oso profesionala dela iruditzen zait.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide