Tokiko denda batean dendariarekin japoniera batuan –Tokion Japoniako leku askotako herritarrak bizi garenez, batuan egin hitz egin behar izaten dugu– hizketan ari nintzela, zera galdetu nion: "Zu Japonia iparraldekoa al zara?". Hori entzunda gorri-gorri jarri zitzaion aurpegia dendaria, eta hala galdetu zidan: "Bai, baina nola jakin duzu?". Nik hala esan nion segidan: "Hango hitz berezi bat esan duzulako". Are gorriago jarri zitzaion aurpegia orduan. Argi zegoen mutil hura bere herriko hizkerarekin lotsatuta zegoela. Eta zera esan nion: "Ni ere Japonia iparraldekoa naiz; horregatik konturatu naiz".
Japonian jende asko samar –batez ere iparraldekoak– lotsatzen da bere dialektoaz. Nire herrian, gaur egungo gazte jende gehienak ez du hitz egiten bere herriko hizkeran, edo ez du nahi herriko hizkeran hitz egiterik. Euskaldunon artean ere egon daitezke beren euskalkiekiko konplexuak dituztenak, baina orokorrean, bakoitza bere euskalkiarekin nahikoa harro sentitzen dela iruditzen zait; behintzat ez zarete lotsatzen edo ez duzue konplexu berezirik. Eta hala izan behar duela iruditzen zait. Baina Japonia iparraldeko herritar askok zergatik daukate beren hizkerarekiko konplexu handia eta beren hizkeran hitz egiteari uzteko joera? Hurrengo batean argituko dut hori.