Gaur egun, emakumeen presentzia baztertuz, hizkuntzetan gizonentzat soilik balio duten hitzak erabiltzea ez dago ondo ikusita –genero gramatikalak dituzten hizkuntzetan horiek ezabatzea edo aldatzea zaila den arren–.
Euskaraz "Xabi, Jon, Ane eta Pili anai-arrebak/neba-arrebak dira" esaten da, neska dela adierazteko hitza eta mutila dela adieraztekoa elkartutako hitza erabiliz, eta hori ondo dago –gaztelaniaz, berriz, kasu horretan maskulinoa den hermanos hitza erabiltzen da eta zenbaiti ez zaio ondo iruditzen–. Hala ere, esaldi horretan ahizpak diren Aneren eta Piliren erlazioa ez da ageri. Lagun euskaldun zaharrei (hiru emakume eta hiru gizon, denak herri eta euskalki berekoak) goiko esaldia nola esango luketen galdetu nien. Seiek, denek, goiko esaldi bera esan zidaten, baina emakumeek honako ohar hau egin zuten: "Anai-arrebak baino egokiagoa da senideak esanda". Izan ere, senideak esanda ez da generorik agertzen. Baina horren kontrako fenomenoa ere ikusten/entzuten da. Entzun izan dut "Jon eta Ane gure seme-alabak dira" beharrean, "Jon eta Ane gure semeak dira", baita Azpeitian ere.