Bilboko D ereduko Batxilergoko ikasleei 2025ean egin nien inkestaren emaitzen arabera, etxean euskaraz batere ez dute egiten 192 ikasleetatik 99k (%51,6). 99 horietatik eskolan euskaraz irakasleekin bakarrik egiten dutenak 96 dira (%97). Eta bizi diren auzoetan 99 ikasle horiek guztiak erdaraz bizi dira (%100). Beraz, 99 horiek eskolatik kanpo ez dute euskaraz egiten; oporretan are gutxiago, noski.
Euskararen gaitasunari dagokionez, berriz, "Eneko dice que Ane no vendrá" eta "¿quién crees que vendrá?" esaldiak euskaraz akatsik gabe esaten dakitenak 99 ikasletik 21 dira (%21,2). Ikusten da euskaraz gutxi egiten dutenek euskararen gaitasuna ere kaskarra dutela. Erdaraz hobeto baldin badakite nahiago izango dute erdaraz bizitzea, hizkuntza, azken finean, tresna baita.
Arbasoengandik jasotako balio handiko tresna izanagatik, erabilgaitza egiten zaigunean, beste tresna erabilgarriago batera jotzen dugu; hori naturala da. Baina ez badugu erabiltzen, inoiz ez dugu ikasiko ondo maneiatzen, eta ez badugu ondo erabiltzen ikasten, ez zaigu erabiltzeko gogorik sortuko. Hau sorgin gurpila!