Ekainaren 5eko herri galdeketa

Jose Luis Frantzesenak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak estreinatuko dute Erabaki Fest!

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko api. 29a, 18:58

Ez dira musika doinuak faltako bihar, zapatua, Azpeitian. Kontzertu ugari antolatu dute herritarrek Erabaki Fest! jaialdian, asteburua ondo hasteko.

Arratsaldea eta gaua rock, heavy edo ska doinuentzat izango badira ere, goizean ere izango da zer ikusi eta entzun herrian zehar. Izan ere, Jose Luis Frantzesena organu-jole ospetsuak emango dio jaialdiari hasiera. 11:30ean izango da hura Azpeitiko parrokian, eta organoarekin jota entzutera ohituak ez gauden kantak izango dira protagonista. Berezia izango da kontzertua, kanta herrikoiak eta euskaldunak izango baitira entzungai.

Soreasuko San Sebastian parrokiako organoaren hauspoa modu berezian astinduko du, beraz, Frantzesenak, ordu erdi inguruko saioan. Etxean bezala sentituko gara denok, gure belarriek ezagutzen dituzten kantuekin. Halere, Frantzesena ez da bakarrik izango. Saioari amaiera emateko Julian Barrenetxea Abesbatzaren laguntza izango du, eta bien artean okasiorako moldatu duten kanta bat aurkeztuko dute: Jaime Amenabar abesbatzako zuzendaria izan da letraren moldatzailea, eta hitzaren garrantzia isladatu nahi izan du, jaialdiaren mezuaren harira. Jakina, guztiz irekia da kontzertua, eta doan.

Hasiera berezia, beraz, Erabaki Fest! jaialdiarentzat. Kontzertu berezi horri jarraituko diote 12:30ean hasiko den dantzari eta abeslarien kalejirak. Eta goizeko txanpari amaiera emango zaio parke pirataren plazan, Paulo VI.a inguruan, Unai Hirukoak, Amaiak eta Arantxak, eta Xabier Saldiasek eskainiko dituzten emanaldiekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide