Askok ez dute izango nik daukadan zortea: etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan eta bakean. Denean aritzen naiz euskaraz. Telefono konpainietako dei amorragarriak erantzutea tokatzen denean, oporretan nabilenean eta beste zenbait salbuespen egoeratan izan ezik, ia ez dut gaztelania erabili ere egiten. Egia esan, ia ahaztu ere egin zait. Hori bai, aitortu behar dut Azpeitian gehienbat euskaraz bizi garen arren, ikus-entzunezkoak nahiz literatura erdaretan kontsumitzera behartuta gaudela sarri, eskaintza zabalagoa delako hizkuntza arrotzetan, Uemaren azken ikerketak baieztatu duenez.
Gehien-gehienbat euskaraz bizi naizen arren, urtero bezalaxe, Euskaraldian izena eman dut, txikitik gauza handiak lortzen direla sinetsita, denok geure alea jartzea delako bidea.
Dena den, aurtengoan bada berezitasun bat gurean. Euskaraldiaren barruan, Hikaldia antolatu dute. Eta hara! Hortxe sartu zait barne borroka. Gurasoek hitanoa erabiltzen dute, ni baino zaharragoak diren lankideek ere bai, nire adineko mutilek ere bai... Baina zer gertatzen da nire adineko neskekin? Gehienek jakin badakigula –zalantza gehiagorekin edo gutxiagorekin–, baina gutxik erabiltzen dutela. Hitanoa ezagutzen duen baina erabiltzen ez duen lehen belaunaldia da gurea. Ni baino urte batzuk gutxiagoko zenbait neskak aitortu didate beraiek ez dakitela. Beraz, argi dago zein den norabidea: bide honetatik jarraituz gero, gure hurrengo belaunaldia ez da hitz egiteko gai ere izango.
Bada atentzioa ematen duen kontu bat. Azpeitiko kaleetan, ia mutil guztiek darabilte hika beren artean, baina neska bati zuzentzerakoan, askok toka egiten jarraitzen dute, nokara aldatu beharrean. Galanta izango da, baina halakoetan beti emakumeak galtzaile; sekula ez dut ikusi alderantzizkorik. Nola salatzen duen hizkuntzak gizartearen bidea.
Baina badira hitanoa zuzen asko darabiltenak ere, izan mutil ala neska; tokatzen denean noka eta tokatzen denean toka erabiltzen dutenak, inolako zalantzarik egin gabe erregistroz aldatzen dutenak. Zer gertatzen da, ordea, halako pertsonaren batek eta hitanoa erabiltzen ez duen beste batek elkarrizketa bat hastean? Sarri-askotan zukarako bidea hartu ohi dutela.
Eta pena da, Azpeitia bezalako arnasgune batean askok dakitelako hitanoa erabiltzen, baina praktika, soltura, falta zaiela. Ni dagoeneko hasi naiz lankide batzuekin praktikan jartzen, sekula noka hitz egin ez dudan pertsonekin erregistro hori erabiltzen. Esaten didate deiadarka bezala hitz egiten dudala, keinu arraroak egiten ditudala. Ez dakit tximu itxura-edo zer hartzen didaten. Bueno, ba nonbaitetik hasi beharko da, ezta? Ez al da ba ohiturak aldatzea Euskaraldiaren helburua?
Aspaldi esan zuten hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik.
Eta hi, animatzen al haiz?