Sansebastianak 2026

Deabrua askatzeko unea

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2026ko urtarrilaren 17a

Ihintza Elustondok 2026ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Orain gutxi entzundako elkarrizketa bat.

A-k ez du parrandarik egin abuztutik edo. "Zintzo eta lasai nabil", esan dio B-ri, lortu duenaz harro. Baina urtea azken hondarrera iritsi da, eta gauzak aldatzera doaz. "Benetako azpeitiarra denak, San Tomas egunean hasi, sansebastianak igaro, eta karnabalak arte behintzat ezinezkoa du lasai ibiltzerik", esan dio.

B-k barre egin du.

A-k esan dio sekulako ahalegina egin duela udaz geroztik bere parrandazaletasunari uko egin eta "deabrua giltzapean" izateko. B-k erantzun dio bere inguruko jendeak asmatzen duela horretan, baina berari zaila zaiola. "Soziedadean lagunarteko afari bat dugunean, nire kuadrillako batzuk berehala hasten dira kontuak egin behar ditugula esanez, eta beste batzuk sekula ez dugu presarik izaten kontuak egiteko".

A-k eta B-k badirudi elkar ondo ulertzen dutela. Biei iruditzen zaie, 20 urte aspaldi pasatuta dituztenez, zintzoago ibiltzeko garaia iritsi zaiela, gaueko aldrebeskeria murrizteko sasoia honezkero badutela. Baina teoria aspaldi ikasi bazuten ere, norbera dena nekez ezkutatzen da: aingeruaren ondoan, deabrua beti ateratzen da azalera.

A-k aholkatu dio B-ri, berak egin duen bezala, deabrua bolada batez giltzapean sartzea, kalerik ez zapaltzea, eta horrela parrandarako gogoa itzalpean izango duela.

B-k entzun dio aholkua, eta buruari buelta batzuk ematen hasi da: "Larunbatean, zer joango naiz, mendira? Edo pasierara? Igandean, bizkotxo bat egitea ote da aukera? Eta hurrengo astean, berriz gauza bera?". Pentsatzen aritu dena isilpean mantendu, eta benetan pentsatzen duena irten zaio ahoz gora: "Nik uste dut giltza hori galdu egin nuela".

Atzera kontaketa hasi da

Igaro ziren santomasak, eta urte berrian sartuta, sansebastianetarako atzera kontaketa martxan da. Giltzapean ziren deabruak honezkero muturra ziegatik ateratzen hasi dira, begiak diz-diz dituztela. Eta horretarako nahikoa motibo bada.

Sansebastianak dira Azpeitiko festa parte hartzaileenak, haurrak, gazteak eta zaharrak elkartzen dituztenak. Hotza, euria edo elurra egin, beti aurrera egiten dutenak. Botiketako partxe berogailuak zer diren irakatsi digutenak. Geldialdietan, bihurrikeriak egitera bultzatzen gaituztenak (Etxe Zuri, Mendizaliek...)😜. 00:00etako kanpaiak jotzean, oilo ipurdia jartzen digutenak.

Falta ditugunak gogora ekartzen dizkigutenak. Danbor taldeetan konplizitateak sortzen dituztenak, ondokoaren makilak zurearen kontra kolpatzera bultzatzen zaituztenak. Denak lagun bilakatzen gaituztenak. Azpeitian jaio izanaz harro sentiarazten gaituztenak.

"Ama! Eskerrik asko Azpeitian jaio izanagatik", esango luke bateren batek.

Askotan abestiek adierazi ohi dute herri baten izaera, eta gure doinuak gogora ekartzeak balio dezake nor garen jakiteko. "Sebastian bat bada zeruan, Azpeiti bat bakarra munduan", kantatuko dugu sansebastianetan. Baina zerua bezala, ageri da gure kantuetan haren ispilua ere: "Nahiz betor Luzifer deabrua, utzirik infernua". Nondik begiratzen den izaten da kontua.

Urte berrian sartuta, berriro topo egin dute A-k eta B-k. "Urte berri bizimodu berri" izan daiteke, edo "zaharrak berri" ere bai. Seguru asko zintzotasunerako promesak eginak izango dituzte batek baino gehiagok, baina A-k eta B-k giltza galduaren bila jarraitzen dute. Azkenean, hauxe izan da bien ondorioa: "Agian, kontua izango da onartzea deabruak geu garela".

Benetako azpeitiarrak, heldu da deabru txikiak askatzeko unea. Ireki ziegako atea, karnabalak arte pasierak eta bizkotxoak egiteko nahikoa denbora bada eta.

Danborrak astinduz, konplizitateak sortuz eta elkar errespetatuz, ondo pasatu sansebastianak! Zeruan ez bada, infernuan goza dezazuela!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide