IƱaki Segurolaren heriotza

Geure pausoen jabe

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2022ko eka. 15a, 10:00

Euskaltzaindiaren egoitza, Bilboko Plaza Barrian. (Euskaltzaindia.eus)

Imanol Amianok 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bilboko Plaza Barriko jatetxe batean zer bazkaldu aukeratzera gindoazela izan genuen gertatutakoaren berri; mahaian eseri ginen eta, eskatu aurretik, begirada azkar bat Whatsappari; izoztuta geratu nintzen radiopatiok zioena ikustean; baieztapena, Uztarriaren webgunean: "Iñaki Segurola Ogrue hil da", zioen Ihintza Elustondok albistearen izenburu hotz bezain argigarrian. Ez dakit zergatik, baina ez ninduen harritu, bere viacrucisaren berri ez nuen arren. Hiltzeko eguraldia zegoen, nonbait, Ostiral Santu, ostiral madarikatu hartan. Leihotik begiratu nuen. Hirurak jo berri zituen Euskaltzaindiaren eraikineko frontoian kokatutako erlojuak. "Goorra dek", pentsatu nuen, "Ogrue bera urgazle zen erakundearen egoitza aurrean jasotzea berria". Axola izango balu bezala.

Atraskuako Abel eta zerbeza batzuk tarteko ezagutu nuen. Hitz-jokoetarako –lagun batek dioen moduan, umore psikologikorako– joera ia patologikoa dugu, genuen, eta Gaztetxean antolatutako bertso-saioan gai-jartzaile egingo ote nuen galdetu zidan; eta nik ezin asmatu nola esan ezetz, nola esan nire ustezko bezain zalantzazko abilidadea ez zela bertsogintzarekin ondo uztartzen, zortziko txikia zein handia ez nituela ondo kontrolatzen, bertsoak ez zitzaizkidala gustatzen, alegia. Hobeto ezagutu izan banu, plaust botako niokeen bertsoek aspertzen, gogaitzen nautela, berak egingo zukeen moduan, bestalde.

"Hik ze eitek hamen?", bota zidan harrituta, Lakarraren bulego aurrean topo egin genuenean. Garai hartan, Ogrue zapata-kaxatan bildutako ehunka, milaka hitzen fitxak hiztegi etimologikora iraultzen zebilen bere ikaskide zein pisukide ohi eta ordurako euskal filologiaren jainko txiki-handia zenarekin; ni, berriz, kirol-kazetari arrunta, eta haren eskemetan ez zen sartzen sasikazetaritzan ziharduen norbaitek filologia bezalako kontu jasoez interesa izan zezakeenik. Zorrotza eta garratza baitzen Ogrue. Samurra ere bai, beharbada. Eta eskuzabala, hala banatzen baitzituen zaplaztekoak, uhinen zein paperaren bitartez. Gogoak emandakoa idazten zuen, esaten zuen eta bost inporta hari norbaiti hitzok kontrako eztarritik joanez gero. "Nik haunditten Ogrue izen nahi diat", esaten nion neure buruari.

Korapilatua, korapilatsua zen, "gehitxo", askotan, berak aitortu moduan; baita bere jarduna ere. Transgresioa, probokazioa zituen gustuko –ziur nago bere eskela xilbextrea diariovascon ere ikustea gustukoa izango zukeela–. Hark ere, ordea, irakurle eta entzuleen epaiaren zain dagoen beste edonork bezala, ezkutatzen zituen kontuak. Ezkutatu edo, ez azaleratu, azalarazi, bere-bereak zituen sentimenduak; gertukoenenak, norberarenak, barru-barruan min egiten dutenak, geure-geureegiak direnak ez baitira inori kontatzekoak, ez behintzat kontatu nahiko genituzkeen moduan.

Aste hartan bertan agurtu genuen elkar, paseoan. Geure pausoen jabe garelakoan, askotan lubizian erortzen doan harria, elur-jauziko maluta ziztrina baino ez gara. Ostiral Santuan bizkarrean daramaten pausoa, besteren pausoan doan pausoa.

Bazkaltzeko ordua zen eta, Euskaltzaindiaren eraikinaren itzalpean, Plaza Barriko jatetxe hartan zer aukeratu ari ginela izan genuen, bai, Ogruen agurraren berri. Jan-edana eskatu eta bere omenez egin genuen topa. Berak egingo zukeen moduan. Edo ez. Auskalo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide