Bakoitzak bere zertarakoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2023ko ots. 18a, 09:00

Iazko Elegante Eguna. (Arnaitz Rubio Aprea)

Imanol Amianok 2023ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtero bezala, iaz ere Durangoko Azokara joateko asmoa nuen, eta, urtero bezala, ez nintzen joan. Iaz, gainera, Iñaki Segurola joango ez litzatekeen ekitaldira joateko asmo sendoa nuen, baina kale. Ezin izan nuen. Edo ez nuen nahi izan. Edo auskalo. Neure ganorexia partikularrak erasota edo. Batek daki, neuk ez dakit eta. Azkenean, lagun ezagunak agurtuz eskuratu asmo nuen liburua lagun ezezagunari eskatu nion.

Egia esan, urtero neure burua engainatzen dut, ze, benetan, ez dut uste Durangorako benetako asmorik izaten dudanik. Horrelako sarao-juntadizoek nekanazkatu egiten naute, zer egingo diogu, ba, hauteskundeek, Piquek eta Shaquirak, eolikoek, plandemiak, bertso finalak edota Hertzainaken hurrengo azken-hurrengo kontzertuak nazkanekatzen nauten bezalaxe; (Kutxabankeko) kontuak kontu –nola aldatzen diren gauzak, kamarada–, beren garrantzian, ezinbestekotasunean, nekaspertzen, aspernazkatzen naute. Adin-kontua izango da –eskelak nahi baino sarriago begiratzen hasia naiz–, beharbada, baina gero eta gutxiago axola zait zer pentsa dezakezun, irakurle, nire gezurrezko egiez, gezur berdaderoez, isilune zalapartatsuez, hitzontzikeria hutsalez.

Eta hori horrela da. Nahiago dut neure egia berdaderoak, gezurrezko gezurrak, isilune isilak eta hitzontzikeria zalapartatsuak neuretzat gorde. Neure zertarakoetarako. Izan ere, zertarako gaude hemen? Azpeitiarrok, benetako azpeitiar, azpeitiano berdaderook, garbi daukazue: lozorro antzean pasatu sansebastianetako danbor-barrika, karnabaletako elegante-mozorroko zezenalditik astesantuetako oporraldira arteko berrogeialdia; azpeitiarrok zertarako gehiago dituzue –eta ditugu, onartu beharra daukat, etorkinok– neguko nekaldia, nazkaldia igarotzeko. Zer da, bada, bizitza garizumen ondoko zertarako (soil) mordoa bata bestearen atzetik ez bada, jarraitu beharreko ogi-apurrez jositako Abitainerako (edo Baldatxorako, kanposantu guztiak baitira Erroma) bidea ez bada?

Neuri oilo-ipurdirik jartzen ez bazait ere, eta lekukoa ez izanda, gustatzen zait lagun-ezagun danbor-txapa joleen puzker serioen zein seriotasun komikoaren lekuko izatea, eta ondo (baino hobeto) pasatzen dut azkoitiarrontzat –niretzat, bederen– ez-leku den leku honetan koinatuaren ezkon-trajea zein nonbaitetik ateratako mozorroa soinean lagun-ezagun horiekin serio samar puzkertzen. Gustuko dut, gehienetan, neure laneko zertarakoa ere, ez pentsa, baita neure-neureak diren zertarakoetan murgiltzea ere, baina ganorexia beti dago hor, adi, zertarakoa noiz amaitu, zain.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide