Zenbaki borobilak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2024ko mar. 15a, 08:30

(Argazkia: Pixabay)

Imanol Amianok 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kuadrantiden izar-erauntsiarekin bat, datu- eta efemeride-entsaladaren txanda izaten da urte zaharraren amaiera eta berriaren hasieretan. 700 urte bete berri ditu (gure) Salvatierra de Iraurgi ondoko (nire) San Martinek; handiko aldera bideko abenidak, 100, eta biak batzen dituen saskibaloi taldeak, 50. Neuk 55 egingo ditut, 31 uraz goiti eta 24 beiti. Chillida jaio zela 100; Txillardegi hil zela, 12. Bata Chill, bestea Txill. Bata hauspotua, bestea arbuiatua. Lasai dago Goia, "de chill", noski, behea ez baitu joko.

Zaharra berri, nola ez, ETB1en. Gabonekin lotu nuen Arralderekin egindako zuzeneko konexioa, buru handia Joxemari eta entendimentuz jantzia Marialuisa, baina keba: irailetik liskarturik daude lasatarrak, eta ez omen da giro Goenkalen. Ez ote dituzte berriro 22 denboraldietako 3.708 atalak botako! Gero harritu egiten gara Tele5en (gure) erreinu honetan, (gure) ETB1ek %2ko kuota izatea. Diesel autoak baino okerrago.

Iaz Hego Euskal Herrian matrikulatutako ibilgailuetatik, gasolinazkoak %39,4 izan ziren; hibridoak %32,6; elektrikoak %17,4, eta dieselak %10,8, mende hasieran 10etik 7 zirenean. Termometroek, ordea, temati, industria aurreko garaietako tenperatura baino 1,48 gradu gehiago markatu zituzten eta zientzialariek diote urtarril eta otsail honetan, azken 100.000 urteetan lehen aldiz, hamabi hilabete jarraian 1,5 graduko "marra gorria" gaindituko dugula. "Bihar ehundaka urte hasiko dira", dio esaerak, baina ez dakit, ba.

Otsaila berezia dugu bestela ere, 29 egunekoa, aurtengoa urte bisustua baitugu: ez duzu sustu bat nahi? Ba tori bi. Hiru. Lau. Bost. Munduko bost pertsona (gizon) aberatsenek, Arnaultek (Louis Vuitton), Muskek (X, Tesla), Bezosek (Amazon), Ellisonek (Oracle) eta Buffet inbertsoreak, bikoiztu egin dute beren ondarea hiru urtetan: 370 mila milioi dolarrekoa izatetik 792 mila milioikoa izatera. 14 milioi dolar orduko; euroetara zuek pasatu, ni zorabiatuta nago eta. Espainian, %10ek (batik bat argindarraren eta bankuen sektoreetakoak) estatuko aberastasunaren erdia baino gehiago daukate; %1ek, %22; pobreenen %50ek, %8. Paradisura iritsi nahian 6.610 hildako –384 haurrak– izan ditugu, 18 migratzaile eguneko. Bankuak ez bezala, horiek ez ditugu erreskatatu.

Letretakoa naiz, letrasatua, bai, baina ez da zientzietako listoustea izan beharrik hainbat zifra ulertzeko. 650.000 pentsiodun daude, hilero 1.463 euro bakoitzarentzat, batez beste; 1.100era ez dira iritsiko alargunak. 80.000 pertsonak gutxienekoa jasoko dute, 815 euro; lautik hiru, emakumeak. Erretiroa hartzeko adina aurten bi hilabetez luzatuko da; 66 urte eta 6 hilabete: hara hor piztiaren izenaren zenbakia.

Piztiaren izena nahi duzu? Tori bi: Netanyahu eta Biden; zenbakiak gazatarrek ipintzen dituzte: sarraskia hasi zenetik 100. egunean 23.986 hildako –337 osasun langile, 117 kazetari–; ez dira kopuru oso-osoak, gorpuzkiz osatuak baizik. Borobilak nahiago? Tori, ba, ez bat, ez bi: 32.000, hildakoak –10.600 haur, 7.200 emakume– eta hondakinen arteko 7.000 desagertuak –%70 haurrak eta emakumeak– kontatuta; 61.000 zauritu; 2.000.000 desplazatu; 10.000 minbizidun, hiltzeko arriskuan; 400.000 gaixo, infekzioak direla eta; 360.000 etxebizitza, 300 ikastetxe eta unibertsitate suntsituta... Zenbaki borobil gehiago behar? Nahi adina dauzkat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide