Erlo ederra zegoen. Giro bikaina, ikusmira ederragoa. Itsasoa ederki ikusten zen iparraldera, mendi-tontor dotoreak gainerako ingurumarian. Udaberri-udaberriko eguraldi aparta. Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeititik Gasteizerako ibilaldi sortan parte hartzeko lagun baten proposamenari baiezkoa emana nion. Azpeititik Zumarragakoa eginda, Zumarragatik Zegamakoan kale, ate-joka genuen hirugarren etapa, Zegamatik Arantzazurakoa. Aizkorrira igotzeko, hankak, eta hauspoa, egin beharra zegoen.
Helburua beteta, pozik abiatu nintzen beheraka, baina elur-zuloa baino metro gutxi batzuk beherago, bi gizon begiztatu nituen zutik. Bi lagun berriketan, pentsatu nuen, baina gerturatu ahala, hirugarren bat ikusi nuen, erdi-etzanda. Panorama eder hura ilundu egin zen kolpetik. Izarraitzeko lepoko epeltasuna elur-zuloko hotzak izoztu zuen. Ez nuen berehala ezagutu. Baina bai, bera zen. Larrialdi-zerbitzuei deituta, helikopteroaren zain zegoen bikotea. Han ez zegoen ezer egiterik. Ez eta egiteko ere.
Beherakoan, mendian gorakoei Xoxote eta Erlo arteko lepoan zer aurkituko zuten esatea egokia eta bidezkoa iruditu zitzaidan. Baten bat aurreratu zitzaidan, eta, helikopteroa ikusi eta entzunda, zer gertatu zen ba ote nekien galdetu zidan. Horrelakoetan ez da garbi pentsatzen. Zer eta nola esan asmatzea ez da erraza izaten, baina goiko gertakari latzaren berri eman nien Azketan, Nahargunen, Urretan topo egindakoei. Urola institutuko gaztetxoekin zihoazen irakasleei, Imanolen dagoeneko jubilatutako lankide ohiari -kasualitatea, pentsatu nuen-, Errebaleko bizilaguna izandakoari hurrena -marka da!-. Izan ere, Imanol zen goiko hirugarren gizon hura, aspaldi Azpeitira etorritako azkoitiarra.
Burutazioak burutazio, harri artean non zapaldu begira, etxera iritsi arte ez zitzaidan sakelako telefonoa begiratzea otu. Albistea ni baino lehenago iritsita zen herrira, eta mezu batzuk banituen. "Ondo?", batak, "Zemouz?", besteak, galdetu gabe galdetuz denak ere. Orduan konturatu nintzen goiko hirugarren gizon hura ni izan nintekeela, neuk esan ohi dudan moduan, Azpeitiko Imanol azkoitiarra, Izarraitz aldera joandako berrogeita hamapikuko gizonezko hura.
Kontua burutik ezin uxatuta, gertakariaren biharamunean, Zegamatik Arantzazurako etaparen bezperan lerrook idazteari ekin diot. Bihar Aizkorri gainean oroituko dugu Imanol, berrogeita hamapiku urteko Azpeitiko azkoitiarra.