"Eta oin nerbixu danak apurtuta jauskat, bertsoak eta trikitixa ikasi biot, ala, euskalduna izateko?", galdetzen zuen, aspaldi, Garik. Beharbada lehenago ere idatzita nago: italiarrek ekarritako infernuko hauspoa baino nahiago, aukeran, pasta zein pizza, eta versolariek aspertu egiten naute. Duten etorria, ordea, miresten dut, akabo ba, eta nahiago nuke denok bakarkako kartzelakoa zein eztabaida dialektikoa gure repentistek uztartzen dituzten moduan uztartuko bagenitu; izan ere, HABEren azterketak amaitu berri ditugu, eta aztertzaileak konformatzen gara azterketariek ez inprobisatzaileen pareko abilezia erakutsita, baina bai txukun samar egiten dutenean.
Askok uste dutenaren kontrara, aztertzaileok azterketariek azterketak gaindi ditzaten nahi dugu. Beno, den-denak... Irunera iristean, kanpo aldean, "es más fácil hacer la gutuna, a ver qué gaia ponen..." eta halakoak entzunez egin ohi dugu Ficobako parkinetik pabilioirako pasieratxoa. Lastima azterketak anonimoak izatea. Sarrerako Prosegurreko seguratak "egun on" esateak ilusio gehiago egiten dit. Beno, egingo lidake.
Baina, klaro, hori guztia ez da berria. Kondairak dioenez, irakasleren batek, aurreko mendean edo, sarreran gaztelaniaz ari ziren gazte batzuei izen-abizenak emateko esan omen zien, suspentsoa zutela esaten zien bitartean. Arrakasta handirik gabe, esan gabe doa. "Eulixa najak eta drogak behar ditxut Luberrin, baskoak ez entzuteko!". Ez da ez drogatzeagatik, baina atsedena behar nuen –nola zen lelo hura, Atsedenik ez drogarik gabe?– eta ahozko azterketetara ez joatea erabaki nuen. Hori bai, herriko euskaltegiko lankideei esan nien belarriprest egoteko ahobizien peskizan. Euskararen museorako edo.
Donostian, fakultatean, euskarazko adarrean: "¿Me puedo cambiar de talde? Es que solo hablan euskera". Harritzekoa? Garai bateko EGA ordez EJA, Euskaraz Jardute Agiria eskatu beharko lukete. Txip bitartez txertatuta edo, auskalo. D ereduko ikasleek Pisa proba gaztelaniaz egiteko aukera izan dezaten nahi du Begoña Pedrosak, "para que mejor puedan demostrar sus competencias". Harrigarria Harritsu sailburu anderea. Kutxabankeko Anton (H)Arriolarentzat euskara talentua erakartzeko un limitante muy importante omen. Harrizko aurpegi hau, idatziko luke duela mende erdi zendu zen poetak. 50 urte eta gero hau, Gabriel. Pixa, burutik behera; Kakabank, praketan.
Ez zitzaion arrazoirik falta Ayusori autonomia presidenteen arteko bilera hartan zergatik jantzi behar zuen pinganilloa kexu agertu zenean, hamar minutu lehenago pasilloetan Pradales gaztelaniaz ari bazen gainerako presidenteekin. Postureoa, Belardietarena? Ez diot karga sinbolikorik ukatuko agerraldi hari –besterik ez bada, unibertsoko erdiguneko jainkosa amorratzearren–, baina Artzek –Harzabalek, Hartzutek– arrazoi: etxean, kalean, lanean, komunikabideetan, eskoletako patioetan, medikuarenean, parlamentuetako pasilloetan, Azkuna zentroan kamerak itzalitakoan euskaraz ez badugu egiten, 2027an euskara biziberritzeko Jauzia gara lelopean egingo den kongresua iristerako, jauzita gara.