Erabakia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2025eko azaroaren 24a

(Argazkia: Pexels)

Imanol Amianok urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Adaptazioaren garaia izan dugu iraila. Eskolara, lanera, normalitatera itzultzearekin batera, udako gehiegikeriei udazkenerako bete-lanek hartzen diete lekua: faszikuluen bildumak egin –Zooko nire animaliak, Nobela eternalak, Mito nordikoak, II. Mundu Gerrako hegazkinak, Giza gorputza...–, De Agostini planetatik Setembrinira etorritako berunezko soldadutxoak margotu, burua erne mantentzeko sudokuak egin, makrame ikastaroren baten izena eman, beharbada, edota, burua zeharo galduta, Euskaltegian; ganorazko hobbyak, oro har.

Denborapasekin batera, sendabelarren bitartez egin moduan, udazkeneko zainketak eta negurako prestaketak egiten ditugu; asmo onen zerrenda, alegia: kirol gehiago egin –jogging, spinning, total training edo mendigoizaling–; flamenko, bachata edo tango dantza ikastaroan eman izena; gutxiago edan eta hobeto jan –danba, lau bazkari eta bi afari, hori bai sabel dantza!–; erretzeari utzi –edo eguneko zigarro pakete bat eta bi rossli, gehienez–; (gehiago) irakurri; (gehiago) ligatu; Gukan "huntaz eta hartaz" idatzi, edota borroka (ez hain) galduren bat aurkitu –gizarte komunista eraiki, Sañu bizirik mantendu–... Ez dakit, ba. Plataforma berriren bat sortu: Salvemos el español en Vascongadas, Denok gara Iberdrola edota El Diario Vasco ez itxi... Katalogo zabala dago eguneroko txikikeria handiak, handikeria txikiak ahazteko. 

Konpromiso sozialak eta konpromiso soziala. Askotan, besteengatik egiten delakoan, norberarengatik egiten dugulakoan nago. Altruismoz mozorrotutako egoismoa. Geure lekua topatzeko edo. Geure buruarekin lasai(ago) geratzeko, ondo –hobeto edo hain gaizki ez– sentitzeko. Zerren bila gabiltza, ba, gizakiak, zoriontasunaren bila ez bagabiltza? Beteko gaituen zerbait, norbait hori aurkitu nahia, eta, behin lortuta, betikotu nahi dugun amets iragankorra baino ez dena, finean.

Asmo berri eta ez hain berri horien inguruko burutazio existentzialak kaskezurrean jiraka nituela, Jaime Gil de Biedmaren Resolución poemarekin egin nuen topo. Gorroto ditut poetak, ez ikusten saiatzen naizen egia galantak aurpegiratzen dizkidatelako. Baztertu egiten dut poesia, poeten barru nahasiek nirea astindu diezadaketelako, haien bihotz urratuek nirea zartatu dezaketelako. Haiek biluztean biluzik sentiarazten nautelako. Baina irakurri egin dut eta itzulpena, neurea, eskasa bada ere, hemen doakizue Erabakia:

"Zoriontsu izateko erabakia,
gauza guztien gainetik, guztion kontra
eta neure kontra, beste behin
–gauza guztien gainetik, zoriontsu izatea–
berriro erabaki hori hartu dut. 
Baina intentzio sendoak baino gehiago
irauten du bihotzeko minak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide