Tokadiskosa erosi dut. Disko jogailua omen, baina mesanotxea euskara bada, tokadiskosa ere bai. Konpakto merke bat da. Soinuaren kalitatea, halamoduzkoa, baina, tira, ganbaran, kaxatan gordeta –abandonatuta– zientoka disko nituen; gehienak, Izaro tabernakoak, koinatuenak; gutxi batzuk, kuttunenak, neureak. Soinu ekipo txukuna ere bai, eta ganbaran ditut platera eta bafleak. Etxe aldaketarekin-edo, ordea, anplifikatzailea galdu nuen, eta anpliarekin batera, interesa ere bai; lehentasunak, baita bigarrentasunak ere, aldatu zitzaizkidan; musika, ordea, tabakoa bezala da: erosteari uzten zaio, baina ez erretzeari. Erosten hasi beharko dut. Biniloak.
Jaitsi ditut diskoak eta garai bateko oroitzapenei ere hautsa kendu diet. Handikoaldeko Deanek, Atraskuak, Etxe Aitzek osatzen zuten Bermudetako triangeluan desagertzen eta hemengoaldeko Urtzi, Fideo, Beti Alain agertzen ginenetako garai haiei. Beno, Fideon ez musikagatik, baina, tira, han ere agertzen eta desagertzen ginen. Desagertu zena, zezen plazako oholtzatik hura, Loquillo izan zen. Beno, desagerrarazia. Nacha Pop ikusi eta entzun ondoren, batzuek, haren makarra poseagatik edo, alde egiteko gonbidapenak bidali zizkioten, zerbeza botila forman. Hutsak, noski.
Zezen plazan izan behar genituenak duela bost urte Jotakie eta Immaculate Fools ziren –bina disko apalean, eta hiru eta bi lehenagoko popero eta tupedun trogloditarenak, hurrenez hurren–, baina pandemia eta segurtasun arazoak medio, bertan behera geratu zen kontua. Epe motz-ertainean hemen izango zirela esan zuten... Epe motz-ertain luzea, horregatik. Tira, bitartean, Maverickeko munstroen desfilea hor duzue. Denerako jendea –eta jendillajea– baitago.
Erabiliaren erabiliaz, bizitza bera bezala, urratuak, zartatuak daude asko. Lastima hobeto ez zaindu izana. Badakit kantu baten ondoren zein datorren, letrak ere badakizkit –beno, asmatutakoak botatzen ditut sarri– eta kantuan eta saltoka nabil, dantzan-edo; zulotxo batetik ikusiko baninduzue... 60ko hamarkadatik mende amaierara artekoak ditut. Ia denetik. Rock sinfonikoa, progresiboa, britishak, movidakoak, funkiak eta punkiak, rockeroak eta poperoak, hangoak eta hemengoak... Bowie eta Lou Reed; Rolling Stones eta Beatles; Springsteen eta Costello; The Doors eta The Cure; Patti Smith eta Sade; Tom Waits eta Neil Young; Hertzainak eta M-ak; The Jam eta REM; Ruper eta El Ultimo de la Fila; Clash eta Pistols... Antxoetatik atunetara, Itoizekoek zioten moduan. Harribitxi galantak batzuk: Pink Floyden Wish you were here, The Smithsen The queen is dead, The Dream Syndicaten zuzeneko bikoitza, The Stone Rosesen I wanna be adored, Trianaren aurreneko bi disko puskak... Eta ja, bostehunen bat dira eta.
Ohikoa ez bada ere, egun, talde batzuk biniloak ere ateratzen dituzte. Eguneratu egin beharko dut. Aspaldiko partez beharbada buelta bat emango dut Durangora; lagun ezezagunarenak eta ezagunarenak egiteko, neure burua ezagutzen dut eta. Eta ea zer dagoen bigarren eskuko azoketan; beharbada, Kiko Rivera eta Leticia Sabaterrenak topatuko ditut. Diskoen apalera joan naiz –apalategia erosi diet–, beste behin. The Psychedelic Fursen India ipini dut. Eskerrak zulotxotik inor begira ez dagoen.