Eroskin ordaintzerakoan, kutxazaina "se le quita" gora eta "se le quita" behera, Seleqtiari buruz ari zela ulertu nuen arte. "Un momento. Voy a rizar", esan zidan pelukeroak, mostradore atzean ezkutatzen zen bitartean; han beste inor ez "permanentea" egiteko eta niri, galtzarbean ez bada, ba... Handik pixka batera, otoitzak eginda berragertu zen eta hamar minututan zein eurotan, kalean. Garraiolaria, magrebtarra hura ere, telefonoz: "Estoy frente al bar de los borrachos". Landetan, Bordatxo aurrean zegoen gizona.
Ohikoa da hitz baten berezko forma moldatzea, baita esanahia ere, hizkuntzaren beraren baitan zein beste batetik mailegu hartutakoetan. Urrutira joan gabe, gure bailaran ditugu barkaziyuk (oporrekin lana barkatzen digutelako-edo) edo kabezulue (nondik buru handia janzten den). Gurasoek erabiltzen zituzten komerixe (txiribueltek barre eragin dezakete) eta xirkue (futbolean driblin batzuk hiru pistako espektakuluak dira). Latineko Dominus te cum desitxuratua dugu doministikue, eta fons (fonte ablatibotik) atte puntekue, ponteko aita.
Maialen Lujanbiok esana du goxokiei domingolak esaten zietela, igandeetako kontua zirenean, eta Azkueren hiztegian automobila artomutila zen Gernikan eta Arratian. Pikutara pikotara omen, torturatzeko zutabetik fruitu bila bidaltzera eraldatua. Zainoria azenarioa, zain horia bailitzan, baina zanahoria-tik datorkigu –eta hori safunnarya arabiarretik–. Alderantziz, errekarik gabekoak Rekalde eta Rekarte, larrerik gabekoak La Reineta zein La Ruhne, haizperik gabeko ahizpak Dos Hermanas; laguntza gehiegirik gabe bihurtu zuten Iuda ibaia Ayuda, Alaiz mendilerro ederra kirastutako Sierra de la Hez... El cendoco, eta elceburnes, Xabier Kintanaren herri hizkerako lexikoaren altxorretik jasoa, Lizarrerrian, eltzea beheko suan ipintzeko burdinazko pieza.
Aita Larramendi jesuita jostariaren bart ze lo ona edo eztanda arte bota zituen Barcelona eta estandarte hitzen jatorri gisa. Imaginazioa bazuen, behintzat. Baita Iñaki Segurolak ere. Oinordeko galanta. Segurola, Manterola eta Lakarraren elkarlana da – Segurolak lana eta beste biak elkar– Euskal Hiztegi Historiko- Etimologikoa. Lehenago, Mitxelenarekin hasi eta Sarasolarekin amaitu zuen Orotarikoa, euskal hiztegigintza modernoaren mugarriak. Baina haietan ez dago jolasik. Hobe Ogrotarikoan sartzea (segurola.eus).
Twitterreko gorotz artean ere bitxikeriaren bat edo beste agertu ohi da. Horrela, Xalbide erabiltzaileak idatzi zuen Txileko presidente izango den Jose Antonio Kasten emazteak, Pia Adriasolak, jatorri azpeitiarra daukala. Izan ere, Adriasola Odriozola izan: 1620an Azpeitian jaiotako Juan Odriozola Porturen ondorengoa da. Beharbada artzain joan zen Juanito. Artzainak ardiak zaintzeko diren moduan, ertzainak herria baino herritarren erdia –herena, laurdena– zaintzeko dira, hemen eta Txilen. Kast, bere atte punteko Pinochet bezala, AEBen atzeko patioaren zaindarietakoa du Trump azenario-kabezuloak. Eltzetik horrek aterako dizkie babak, bai, Venezuelan egin moduan. Zainak irekita jarraituko du Galeanoren Latinoamerikak. Se le quita jarraitua. Bitartean, Europan duen aurreko patioan, zirkue eta komedixe, eta barrukoan, naziak disimulurik gabe. Eztanda egin arte. Pikutara. Ederra mundua daukaguna, dena desitxuratua, itxuragabea. Adriasola bezala.