Hirietako jendeak landetxeetan ezin izaten du loak hartu isiltasunean, zarata behar sehaska kanta; guk, aldiz, sekulako zortea dugu, zortzietarako kale garbigailuak ditugu martxan, zakarrak mugitzeko haize makinak lagunduta. Eta itxaron saninazioei, ordu-modu horretarako, zezen plaza garbitzen aritzen ziren Tximistie eta Trumoie –horiek ere aire jaurtitzailez armatuta– faltan botako baditugu ere, Maverickeko joan-etorria izango dugu diana –lastima barrakentzako lekurik ez izatea inguruan–. Baina beirarik ez bota hamarrak baino lehenago. Zarata.
Tira, beharbada isilik beharko nuke, etxepean nire aukeraketa musikala –eta bolumena– agian ez dute gogoko izango eta; gure lehorgailuak ere burrunba dotorea ateratzen du, baina goiko umea atabalak astintzen entzutearen parekorik ez dago... sansebastianak baino astebete lehenago; baita hilabete geroago ere, udalaren bozgorailuek –mega-fonia, horixe "soinu handia"– karnabalak hementxe direla gogorarazten duten bitartean. Bien bitartean, aurreko soinu jotzailearen semea, eta alaba, berriz, soinua jotzen ikasten, eta ondo ikasi arte, soinua zarata. Eta gero ere... Hala ere, ondo moldatzen naiz bizilagunekin, ez pentsa. Denerako jendea dagoela, horixe kontua; pentsa, Joseba Tapiaren eta Ilazki Serranoren ahotsak gustuko dituztenak ere badaude. Eta Mikel Urdangarinena. Bai, bai, benetan. Zarata gehiago.
Soinujolea ez, baina bai trumpetista desatsegina, zarata sortzaile paregabea azenario burua, norbait bada. Epsteinen paperak bolo-bolo zebiltzala, Trumpek beste paper batzuk argitaratuko zituela iragarri zuen, bizitza estralurtarraren inguruko isilpeko dokumentuak, Objektu Hegalari Ezezagunenak. Mulder eta Scullyrenak, uler dadin. Dezibeliorik gabeko moja puzkerrak, entzun, ez dira entzuten, baina aditu bai, hala esaten zen gurean, usaina aditu. Txakur pentsuetako kiratsa, urrutira joan gabe, zarata galanta. Elmubaseko langileen eskubideen defentsarako hauteskunde sindikalak antolatzeagatik bost langile kalera. Eskandaloa. Langileen lan baldintza duinak, bandera faltsuko pintaketak, etxebizitza eskubidea... gustukoa ez duzuna entzun ez dadin, zarata sortu. Mintzagai izan beharko luketen gaiak alfonbra azpian ezkutatu eta eztabaida antzuak lehen lerrora ekarri, aztertu beharrekoak aztertu beharrik ez izateko. Zarata han eta hemen.
Martxoaren 3ko sarraskiak 50 urte bete dituela eta, Gasteiz aldean Correo-koek, bai, Altxamendu Nazional Loriatsua txalotu zuten haiek beraiek, elkarrizketa bereziak egin dituzte. Eta igandeetan, egunkarien prime-time egunean, eraildako bost langileen memoriaren aldarrikapenaren alde ezer gutxi egin dutenen, PSOEko alkatearen, EAJko ahaldun nagusiaren eta Opusetik gertuko obispoaren bozgorailu izan dira, beste behin, 1976ko Hausterre egun hartan gertatutakoa arerio politikoek instrumentalizatu dutela lehen lerrora ekartzeko. Garai bateko Indar Biziak irudikatzeko, Zaramagako eliza barrutik ke poteetatik ihesi ateratzen ari ziren langileei tiro egiteko agindua eman zuen Polizia Armatuko burua elkarrizketatzea falta zitzaien. Edota Rodolfo Martin Villa, diktadurako Harreman Sindikalen ministro eta erailketen arduradun nagusia. Hori bai instrumentalizazioa. Hori bai zarata!