Kopako finalaren aurreko astean, lagun bat larri samar zebilen, semea, realzale amorratua, balkoian eskegitzeko banderarik lortu ezinda zebilela eta. Etxean bagenuen erdian eskudo dotorea zuena, koroa eta guztiduna –koroa ebaki bagenio geureagoa izango zen, bainan horrela ez zen gehiago Reala izango–, handiegia, traketsegia gurean ipintzeko. Eman nion eman banion... Hari estu besarkatuta, han bilduta lo egin nahi omen zuen mutilak! Izaratarako hobea, beharbada –izara arteko guztia, hobea–, balkoian koloregabetzen uzteko baino.
Izan ere, partaide izatearen sentimenduaren adierazpide garrantzitsuak dira banderak, garrantzitsuenak ez badira. Beno, eta himnoak, batik bat txistu egiten badiote norberarenari. Guk horretan abantaila dugu, urliarentzat Euzko-Abendaren Ereserkia baita –Gora ta gora, alegia, ETBko programazioari hasiera eta amaiera emateko erabiltzen den hori–, sandiarentzat Gernikako Arbola eta berendiarentzat Eusko gudariak. Ez lukete inor askorik izorratuko ereserki ofizialari txistu egingo baliote –letrarik gabekoa hori ere, Txunda, txunda den moduan; beno, lo-lo-lo-lo jarraitua letra gisara hartzen ez badugu, behintzat–.
Banderena, hala ere, nabarmenagoa da. Gogoratzen dut Extremaduratik bueltan, Guijuelon geratu ginela urdaiazpikoa erosteko, zer bestela. Herriko jaiak ziren. Harrituta begiratzen genuen balkoietara. Hura zen piper-poto festa hura! Eta, dagoeneko kotxean –badaezpada–, algara egin genuen, besteen aberriak barregura ematen baitu –errukia ere bai batzuetan; nazka, gorrotoa, askotan–.
Hain aspaldikoak ez ziren garaiotan, ikurrinez betetzen genituen geure saneloiak, sanjoanak, sanmartinak, santotomasak, sansebastianak edota saninazioak. Orain apenas ikusten diren, ez eta Aberri Egunean ere; izatekotan, beste batzuen artean infiltratuta: Sañu bizirik aldarrikatzen dutenak, presoak etxeratzearen aldekoak, Marea Urdinarenak... eta marea txuri-urdinarenak, noski. Bakoitzak bere aberria(k) dau(z)ka. Neu ez naiz bereziki ikur zalea –akaso piraten bandera beltza, kaskezur eta berna-hezur pare zuriduna gustatzen zait gehien–, baina iruditu zitzaidan bat ipintzekotan, Palestinakoa ipintzea merezi zuela. Haizeak eraman zuen arte.
Banderak, himnoak, sentimenduak, pertsonak bihurtzen ditugu aberri. Eta, hitzak bezala –hitz egitean min ematen duten hitzak, eztarriratuta hiltzen diren hitzak–, sentimenduak, pertsonak haizeak eramaten dituenean konturatzen gara, ipuineko enperadore haren moduan, besteen aurrean biluzik gaudela. Orduan jabetzen gara oinak baino ez ditugula geure bidea egiteko, haiek ditugula aberri. Aurrera ekinez ezerk ez lotzea lortu arte. Edo estu besarkatuko gaituen beste aberri batek lotu arte.