Txiringitoak udan, txiringitoak ikasturtean. Hondartzetako eguzki-sartzeetatik idazlanetako hanka-sartzeetara egin ohi dugu salto txiringitotarrok. Caipirinha-tik nor-nori-nork-era. Hori baitira euskaltegiak, euskararen txiringitoak, euskara arrotz duten askorentzat, eta euskaratik bizi eta euskarak euskaldunentzat dakartzan pribilegioak betikotzea, eliteko kasta supremazista bat osatzea baita, finean, euskaltegiak mantentzearen azken asmoa.
Erdaldun horiek euskara sinpatikoa aldarrikatzen dute. Herri kirol erakustaldietarako, San Mamesen edota Anoetan Txoria txori kantatzeko. Milaka urteko bitxikeria sinpatikoa. Txistua eta danbolina, letra eta guzti. Intimitatean hitz egitekoa, Aznarrek katalanez egin moduan. Folklorea. Hori bai, esparru publikorako eskatzen bada, lau katuk hitz egiten duten eta baserritik kanpo ezertarako balio ez duen dialektoa baino ez da. Eta orduan, dagoeneko ez da sinpatikoa. Eta Zumosolen lehengusu epailearengana jotzen dute.
Euskara altxorra dela esaten duten erdaldun horiek benetan esan nahi dutena da traba bat dela eta ea lehenbailehen desagertzen den. Eta ez dute nahi horretan aukerarik galtzen. Selektibitateko euskara ataleko emaitzak argitzeko unibertsitateak emandako agerraldiaren ondoren, Pello Salaburu EHUko maitre izandakoak –salaburutar eta sala-buru orok barkatu bezate hitz-jokoa– idatzi zuen Euskal Herria irlandartzen ari zela, eta ez zen estatu bat osatzeari buruz ari, ez; gaelikorik gabeko Irlanda bilakatzen ari garela, euskararik gabeko Euskal Herria, alegia. Neuri ez lidake askorako balioko balizko estatu horrek.
Talentu galera dagoela diote. Irakurri Bilbo aldeko Iñigo izeneko ikasleak ETBren kameren aurrean USaPeko euskara azterketako zeroak zirela-eta esan zuenekoaren transkripzioa –luze samarra, beharbada, baina merezi duela uste dut–, eta esango didazue: "Baina guk zuz... ai, gure azterketak, gure frogak zuz... kor... zuzenda... zuz, bo... korrekzioa edo zuzendaritza injustoarekin, e, bai, bo... Nik huts bat daukat, atera dut, eta nik ez dut pentsatzen nire nota da hori. Eske nik atera dut azterket, azterket, azterket, azterketik, eta pentsatu nuen: bai eta ondo egin dut, o sea, ez daukat nibel onena edo bai, baina, pentsatu dut, bueno, ez izan da hain txarra! Eske guk beldurtuta geuden azterketa, azterketara, azt, azt... bai, eta atera, atera ginen... si, bai, bueno... kili, o sea, kili-kolo baina ez zero bat ateratzeko! Eske ezinbesteko... ezinezkoa da, eske ezinezkoa da, gauzak ondo egin ge...en... nituen. Eske aditzak, aditzak... (buf) edo akatsak zuzentzen ondo egin nituen gauza horrek, gauza horiek... eske ez, ez, ez, ez dut ulertzen, eta, nik, eske nik baina, ops, en, unib... Navarrako unibertsitatera joango naiz, porke ez dut hemen sartzen UPVn, edo EHUn, eta Unibertsitate de Navarra joango naiz, baina beste pertsonek, beste pertsonak, no, beste pertsonek ez dituzte aukera, auker... aukera hori. Eta ez da justoa, eske... eske guk, jende asko hemen geratu nahi du, no, jende askok hemen geratu nahi du, eta ez du, ez, ez, ez, ez du, ez du, ez dut esan nahi ez da justoa, baina eske ez dakigu, eske ez dakigu... nik ez daukat B2, nik ez daukat bi bat, ez dut atera nahi porke ez zeneukan denbora, ez... zeneukan... denbora, baina eske nire lagunak, nire lagunek bai B2 C1 daukate, eta hala ere, nada, ez dute gainditu". Talentua ihesi.
Zero patatero-ak gorabehera, euskalduntzen ez duten A ereduko ikastetxeetako iñigoek Unibertsitate de Navarrako txiringitoa izango dute babes eta aterpe Medikuntza ikasteko. Gu, gure aldetik, gero eta gizarte euskaldunagoa lortzen saiatuko gara, euskaraz gero eta jantziagoak diren euskaldunei bideak irekitzen ahaleginduko gara. Badakizue, beraz: euskara behar eta nahi dutenek zabalik dute matrikula-epea Azpeitiko Udal Txiringitoan. Izan ere, zer nahiago duzu, euskaraz ez dakien medikua ala mediku ona?