Asko lehortu gara denbora gutxian. Mundu garatu/eskolatu/informatuaren parte bihurtu ginenetik (XX. mende erdialdetik hona edo), lehorrak, izuak eta antipatiko hutsak bihurtu gara oro har. Eta oraingo mugikorrek eta pantallismo autistak asuntoa txartu besterik ez dute egin, baina gaitza lehenagotik dator. Eskolak jakin-ustea sortzen du, eta usteak harrotzea du berekin, eta gandortzea eta xeriyotzea. Beste adar batetik begiratuta: gizakiok beti jakin izan dugu, barru-barrutik, ez garela inportanteak, edo, gehienez ere, benetan inportanteak garela 4-5 lagunentzat, eta orain, ustea izugarri gizendu zaigularik, ezin etsi dugu inportantziarik ez izate horretan, eta hargatik dedikatzen gara geure buruari "inportantzia ematera": berez inportantziarik ez daukagulako, hain zuzen!
Gaxteak edo nerabeak ematen dugu denok: badakigu adin txoropuxtu horretan zenbateraino lehortzen, xeriyotzen edo expexialtzen den pertsonatxoa; zer premia egoten den inportantzia hartzeko, eta argi nerekin, e?, baina ni argi inorekin ez! Badirudi ekonomia edo kontabilidade moduko bat itsatsi zaigula geure gogoan, bi urteko umearen pare egiten gaituena: umeari iristen zaio garai bat nun edozeini muxu emateari uzten dion; hortik aurrera, ematea, emate garbia, debalde ematea bihurtzen da, eta "hori ezin leike", eta ematerakoan guri zeoze kentzen ari zaizkigula sentitzera iristen gara: hartu-emana pasatzen da "kendu-emana" izatera: nik balio bat daukat eta neri ez dit inork hola-ta-hola zerbait kentzen, ezta muxu bat ere. Paradoxa dirudi: eskolak eta informazioak sekula baino umetuago eta nerabetuago bihurtu gaituzte.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.