Ordu eta erdi. Ez gehiago ezta gutxiago ere. Ordu eta erdi eskas batekin nahikoa duzu tabernan lanean diharduen zerbitzari batek barraren beste aldetik jasan behar dituen gutxiespenez jabetzeko. "Ei, ei, zu, hogei minutu daramatzat hemen norbaitek kasu egin zain, azkarragoak ezagutu ditut", esan dio orain dela bost segundo eskas heldu den agure batek langileari. "Bai, bi ordu daramatza kafe bat egiteko", jarraitu dio albokoak. Belarrietatik eta sudurretik kea ateratzen hasi zait ordurako.
Igandea da. Eguerdiko 12:00ak dira, eta zeruan ez da laino bat bera ere ageri. Egun bikaina buelta bat eman eta pare bat tragotxo hartzeko, ezta? Bada, dirudienez batzuentzat hori ez da nahikoa. Igandea gehienontzat jaieguna izan arren, tabernarientzat asteko egun potenteenetako bat izan ohi da, eta gainontzekook gure kafea eta garagardo kopak izan ditzagun egiten dute lan. Haatik, badirudi batzuetan ahaztu egiten zaigula.
Gorago aipatu ditudan bi komentario horiek entzunda gogoratu naiz zergatik heldu nintzen ia zerbitzari lana gorrotatzera. Ikaslea nintzen garaian, diru apur bat irabazteko lauzpabost urte eman nituen tabernan lanean, eta hasieran horrela uste banuen ere, ogibide horren alderik zailena ez da besteek jai dutenean edo festa giroan daudenean lan egitea, baizik eta barraren beste aldean egoteagatik gehiago sentitzen diren eta zu gutxiesten zaituzten horiek aguantatu behar izatea.
Urte horietan zehar entzun ditudan komentarioekin liburu bat osatzeko bezainbeste material dudala esatera ausartuko nintzateke, beldurgarria badirudi ere. Norbaitek zalantzarik izango balu kasualitatez, horrelako jarreren aurrean langileak isilik, "bezeroak beti baitu arrazoia". Hori horrela izanik, honakoa pentsatu dut nire baitan: ez dakit batzuetan ez ote dugun bi aldiz pentsatzen hitz egin aurretik, ala besterik gabe, munduak geure inguruan biratzen duela uste ote dugun. Kontua da, arrazoia bata edo bestea izan, ahaztu egiten zaigula askotan tabernari, garbitzaile, irakasle edo beste edozein lanbidek geureak adina errespetu merezi dutela.
Beraz, ez, ez daramatzazu bi ordu kafe baten zain. Ez dituzu azkarragoak ezagutu. Kafesne deskafeinatua eskatu eta ebakia ateratzeagatik ez dugu inor kondenatzeko eskubiderik. Nahastu egin da, besterik gabe, gu ere egunean hamar aldiz nahasten garen moduan. Oraintxe jaiki gara ohetik; berak, ordea, ziurrenik goizeko seietan hasi du eguna. Irribarre batekin, gainera. Ez dezagun ahaztu, langile guztiek –ogibidea edozein dela ere– errespetua merezi dutela. A! Eta ahaztu baino lehen: mesedez eta eskerrik asko hitzak doan dira, eta ziurrenik aurrean duzunak asko eskertuko dizu horiek erabiliz gero.