Korapiloa

Datorren urtean, akaso

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2024ko abu. 3a, 08:56

(Argazkia: Zumaia Guka)

Intza Trulak 2024ko uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bada zerbait errenta aitorpenak baino gehiago ikaratzen nauena, eta urteak joan eta urteak etorri gero eta gutxiago ulertzen dudana. Ez naiz beka bat eskatzeko bete edota sinatu beharreko ehunka paperez ari, ezta Erasmus programan parte hartzeko jarraitu beharreko pauso guztiez ere. Ez naiz autonomoa, baina, entzunda daukat haiek ere hiruhileko bakoitzeko fakturekin dezenteko marroia izaten dutela. Baina, ez, ez naiz horretaz ari, TAO sistemaz baizik. Pentsatzen dut, zuek, azpeitiarrok, kostako herrietara mugitu izan zaretela noiz edo noiz, eta datozen hilabeteotan ere egingo duzuela; beraz, ziur nago orain esango dudanarekin bat etorriko zaretela bat baino gehiago.

Duela hamabost egun inguru abiatu zuten Zumaian TAO sistemaren udako denboraldia beste urte batez, eta duela hilabete inguru egin zuten Zarautzen, Orion eta Getarian. Edo hori uste dut, horretaz ere ez bainago guztiz ziur. Sei urte daramatzat gidabaimenarekin, beraz, esan dezakegu sei urte daramatzadala TAO sistema madarikatua ulertzen saiatzen. Aurrerapausorik ez, oraingoz.

Herri bakoitzean TAO sistemaren hasiera eta amaiera ordutegiak ezberdinak dira, eta aparkalekuetako marratxoen koloreekin amesgaiztoak egiten hasia naiz dagoeneko. Zer esan nahi du urdinak? Eta, gorriak? Eta, urdinak eta gorriak? Ez dakit, eta zure aldamenekoak ere ez, ziurrenik. Herri bakoitzeko udalaren webgunean informazioa begiratu besterik ez dudala esango didazue batzuek, baina, sinestu iezaidazue dagoeneko egin dudala esaten dizuedanean eta, sinestuidazue, baita ere, begiratu ez banu bezalaxe geratzen naizela esaten dizuedanean. Gainera, zigorrak barregura gutxi ematen du: 80 eurotik gorako isunak, nahita edo nahigabe, autoa gaizki aparkatu izanagatik. Garesti samar ateratzen zaio bati hondartzarako egun-pasa; berriro ere itzultzeko gogoa ematen du, alajaina!

Datorren urterako erraz ulertzeko TAO sistemarik izango al dugu inguruko herrietan? Batek daki, baina, bien bitartean, enegarrenez guneen, ordutegien eta tarifen inguruko informazioa irakurriko dut, eta ea orduan ez dudan automobilaren haizetakoan papertxorik aurkitzen hondartzatik itzultzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide