Iritzia

Gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2022ko api. 12a, 08:00

(Irudia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bizitza errealaren eta gure begien arteko distantzia laburrean pantaila bat jarrita bizi garen garaiotan, itsasoaren bestaldetik etorritako mehatxu batek zer pentsatua eman izango dio bati baino gehiagori. Meta enpresa erraldoiak esan du Facebook eta Instagram Europan erabiltzea galaraziko duela Europako Batasunak bertan bildutako datuak Atlantikoaz bestalde eramateko baimenik ematen ez badio. Eta honezkero pentsatu du norbaitek: halako drama ote da ba denbora gehiegi alferrik galarazten digun sare sozial bat esku artetik kentzea? Egon lasai, sareari lotuta bizitzeko behar eta nahia hainbestekoa den mundu honetan, sare sozialen kasuan ere "sortuko dira besteak", eta perretxikoak zelaian nola, bat kentzerako hantxe agertuko da besteren bat.

Oraintxe bertan, ordea, kezka nagusia ez luke izan behar etorkizunean harrapatuko gaituen aplikazioan argazki dotoreak jarri, ezezagunekin eztabaidatu edo koreografia sinkronizatuak ikasi beharko ditugun aurreikusteak, baizik eta iraganean utzi dugun gure bizitza zati hori nola bilduko dugun pentsatzen hasi beharko genuke, zer gerta ere.

Ikastolako jaialdiren batean ateratako argazki hura, nerabezaroko lotsa eta lotsagabekerien artean erdi-lapurtutako irudia, familiarekin txintxo-txintxo agertzen zaren erretratua, karnabalen batzuetan goizaldeko ordu txikietan taberna zuloren batean grabatutako segundoak, lagunekin egindako lehen bidaia zoro hartako oroitzapenak, kontzerturen bateko oihuak... Normala iruditzen zaigu sare sozialetan gure bizitzako momentu garrantzitsu eta ez hain garrantzitsu guztiak biltzea, eta momentu horietako oroitzapenak irudi horiekin lotuak izaten ditugu maiz. Baina zer gerta daiteke memoria dosi horietara iristeko biderik gabe geratzen bagara?

Egia da, plataforma handi horietan ez ezik, irudiei lotutako oroitzapen horiek beste makina bat tokitan ere jaso ditugula, telefono eta ordenagailuetan, sareko hodeietan edo urpeko hodietan, nahi adina informazio gordetzeko aukera eskaini digutenez gero, baina, aizue, gizakia hain izaki azkarra izanda eta hain aparatu txikian hain kamera onak edukita, zenbat txorakeria jartzen ditugun gure objektiboen aurrean! Eta, jakina, ea gero nor den gai urteetan norberak bildutako eta gainerakoen uztetatik jasotako lasto horren guztiaren artean oroitzapen goxoak dakartzan gari alea topatzeko. Eta behin ohitura batzuk geureganatuta haiek albo batera uztea oso zaila denez, konponbide berriak (edo ez hain berriak) topatzen hasteko garaia izango dugu: ez al da une egokia oroitzapen horiek irudiei lotutako nostalgia pilula izateari utzi eta taldean osatutako hitzezko kontakizun bihurtzeko?

Noizbait ezagutu genuen normaltasunera itzultzeko bidean abiatu gara, lagun kopuru eta ordu mugak atzean utzita: mahaiaren bueltan eseri, eta osa dezagun argazki eta bideorik eskura izan gabe ondorengoei azken bi urte hauei buruz kontatuko diegun historia, elkarrekin errazagoa baita ahaztuak genituela uste genuen horiek ere oroitzea. Gogoratu, entzun, kontatu... Norbaitek esan du honezkero: hitzak haizeak eramaten ditu, ordea! Hitzak haizeak eramaten ditu, bai, baina sekula ez dago jakiterik haize horiek, beren bidean, zeinen belarrietara eta oroimenera iritsiko diren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide