Azkenaldian boladan dagoen hitz batekin egin dut topo ondoko lerroak idazteko buruari bueltaka hasi naizenean: prokrastinatu. Inguruko hizkuntzetan, bai, hitza onartua dute, eta, nahiz eta Euskaltzaindiak oraindik ez duen egin bere hiztegira ekartzeko urratsa, euskaldunok aspalditxoan ulertzen dugu zer esan nahi duen aho-korapilotik gehiago duen hizki multzoak: "Zergatik egin gaur bihar egin dezakezuna?". Eginbeharrak geroko uztea da prokrastinatzea, baina ez egoerak horretara behartu gaituelako, baizik eta, geure borondatez, garrantzi txikiagoa edo presarik ez duten beste egiteko batzuk aurretik jarri eta benetan amaitua behar duena ahalik eta gehien luzatu dugulako.
"Zenbat kalte egin duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak". Ez da gaur goizeko esana: Pedro Agerre Axular-ek Gero lanaren sarreran idatziak dira hitz horiek, orain dela ia 400 urte. Erlijio betekizunei buruz ari zen Sarako erretorea orduan, baina, gaur egunera ekarrita, beste edozein testuingurutan aplikagarri suerta daitezke hitzok. Eta, behin honaino helduta, neuk bota beharko dut lehen harria, aktualitatearen aitzakiapean, Uztarriarako hitz segida hau idatzi behar dudan aldiro, ordenagailuko orriak zuri irauten baitu azken unera arte. Gehiago luzatzerik ez, eta bidaltzeko garaia gainean izan arte egoten da kurtsorea geldirik, badaezpada ere, mundua goitik behera aldatuko duen zerbait gertatuko ote den, hari buruz idaztea hil ala bizikoa izango ote den aldizkari honetako orriak betetzeko. Baina zaharkitze programatuari buruz hainbeste kontu esaten diren garaiotan, lerro hauetan idatzitakoak publikatzerako, aipagai diren gaiak historia liburuetan sartzeko moduan izaten dira: nork espero behar zuen, bestela, egun batetik bestera bizitza hankaz gora jarri digun xomorro baten gorabeherak Europa aldeko tiro eta bonba hotsek isilduko zituztenik?
Azkar bizi gara. Eta mundua, gurekin batera, gure erritmoan, azkar dabil. Albistegietan berritasun dena berehala iraungitzen zaigu, berehala ahazten, nahikoa lan baitugu geure egiteko guztiak 24 orduren barruan errenditzen. Erlojua bihurtu dugu agintari goren, eta, bat bukatzerako, ondoren egin behar duguna daukagu buruan: ohetik jaikitzerako, goizean zehar egin behar ditugun guztiak errepasatzen ditugu; egingo ditugun pausoak milimetrikoki planifikatzen ditugu, azken segundoraino aprobetxatu nahian; eta lanerako bidea tramite hutsa da egunerokoan, ahalik eta azkarren iristea helburu bakar. Errutinatik irtenda, oporrak lasaitzeko garaitzat hartzen ditugu, baina, munduaren beste muturreko paradisuetara iritsita, nola gelditu parean daukagun guztia geure begiekin ikusi gabe, horretarako korrika eta presaka ibili behar badugu ere?
Barka diezadala Axularrek, baina prokrastinatzearen alde egiteko garaia iritsi delakoan nago: zertarako balio du presaka bizitzeak, dena momentuan amaitzeak, egin beharrekoak emaitzari begira bakarrik egiteak, burura iristeko bidean ez badugu gozatu? Has gaitezen egitekoak pixka bat atzeratu, arnasa lasai hartu eta egiten ari garenaz egiten ari garen unean bertan gozatzen, biharko egunean ez dezagun sentitu, presaka bizita, gauza asko egin bai baina, bizi gabe, pasatu egin ditugula. Batzuetan hala uste ez badugu ere, bihar ere argituko baitu eguna.