Gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2022ko abe. 25a, 12:01

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, 2021ean.

Ione Gurrutxagak 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da hau.

Olentzero eta Mari Domingi maiteak,

Orain gutxi arte eguraldiak halakorik pentsatzeko tarterik eman ez badigu ere, egutegiaren fintasunak argi erakusten du abenduak harrapatu gaituela, eta iruditu zait, tontor elurtuetatik jaitsi aurretik, hemen behean urtean zehar gertatu direnak jakin beharko zenituzketela.

Irakasleon urtea irailean hasten bada ere, ahalegina egin dut hainbeste zeresan ematen duen bi hilabeteko oporraldiaren aurretik zertan genbiltzan oroitzeko, eta, hara non sorpresa, koronabirusarekin egin dut topo. Gogoan izango duzue iaz maskara atzean ezkutaturik egin behar izan zenutela herriko ibilaldia, eta haurrak ezin izan zirela nahi adina gerturatu zuengana gutunak eman eta besarkadak eskatzera. Apirilaz geroztik, baina, ongi ahaztua dugu guztia; ez muga, ez arau, halako murrizketarik gabe egin ahalko duzue aurtengo bisita, eta San Tomas egunean plaza bete-bete eginda eta jendea pega-pega eginda ikusteko aukera ere izango duzue. Kontu izan, ordea, ekarri maskararen bat, badaezpada, astoa egoskortu eta etxerako buelta autobusean egin behar baduzue ere, han oraindik nahitaez jantzi beharko duzue eta.

Xomorroak eragindako buruhausteak ahaztu ditugu, beraz, baina horrek ez du esan nahi arrangurarik ez denik izan orduz gero: iparraldetik zetozen gerra hotsek telebistari begira jarri gintuzten urte hasieran. Dena zen asmo ona eta eskuzabaltasuna orduan, laguntzeko prestasuna eta errefuxiatuak besoak zabalik hartzea. Baina, xanpainaren aparrak nola, alde egin digu hasierako txinpartak. Oraindik ere ariko dira zenbait buru-belarri, duten guztia ematen, baina gainerakoak, zilborrari begiratu, eta Hirugarren Mundu Gerra noiz iritsiko zain, telebistari begira egongo dira. Eta horra hor arriskua: ez ahal gaitu gerrak pantailari itsatsita, lelotuta harrapatuko...

Egunek aurrera egin ahala, guregana iristen diren gerra hotsak apalduta, uda ere etorri zen, eta, haren ondotik, udazken oparoa: oparoa naturan, hainbat saski betetzeko balio izan duelako, eta oparoa gure hizkuntzarentzat, aldekoak eta kontrakoak dantzan jartzeko hego haizea harrotu duelako. Bi urteren ondoren, iritsi da hirugarren Euskaraldia, gero eta ahobizi eta belarriprest gehiago biltzeko asmoz. Baina gu bai sorionekuk, Aranzadiren aurkikuntzak, euskal hiztunak harrotu, eta gure hizkuntza etxeko nahiz kanpoko hamaika komunikabidetako lerroburuetara eraman baitu. Eta onddoen abiada berean agertu dira sasi-hizkuntzalariak: gure historiaren edozein zantzu ukatzen dutenak, eta, itsu-itsuan, exotikoa iruditzen zaien oro sinesten dutenak. Hizkuntzalarien lana da orain eskuko txuletatxoan ageri diren hitzak ulertzea, eta kalterik ez luke txapa ematen jarraitzeak, ez eskuari buruz, noski, euskararen herriko erabilera indartzeko baizik.

Eta urtearen amaierara iritsita, konturatu naiz aurten ez dudala oparirik nahi niretzat. Guztiontzat baliagarria izango den zerbait eskatu behar dizuet, ea datorren urtean beste era bateko laburpena egiteko moduan naizen: itxurakeriak albo batera utzi, eta hitzetatik ekintzetara pasatuko den jendea nahi dut nire inguruan, modei jaramonik egin gabe herri eredugarria sortzeko gai dena.

P. D. Ahaztu gabe, aurten, badaezpada ere, zakua bete ikatz ekartzea gomendatu behar dizuet. Ez dakit azpeitiarrak zintzoak edo gaiztoak izan diren, baina gaiztakeriarik egin ez duen batek baino gehiagok eskertuko dizue zuen txondorretik erauzitako urre beltza, elektrizitatearen faktura arindu, eta beheko sua pizteko ez baita batere gaizki etorriko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide