Zein sehaskatan jaio garen, horrek eragin nabarmena izaten omen du gure etorkizunean. Hala entzun izan dut nik betidanik etxean. Ba omen dira sehaska aberatsak, sehaska xumeak, langile familietako sehaskak… Eta halakoxeak jaio ondorengo lehen momentuak han igaro dituzten horien etorkizuneko bizitzak ere.
Gure etxeko sehaska sehaska arrunta zen, luxurik gabea, funtzionala, goxoa. Gure familia bezalakoxea. Sehaska hartan etzanda ikusi genuen mundua aurrenekoz, eta hantxe hasi ginen bizitzarako ikasten, aurrerantzean beharko genituen abileziak eta balioak xurgatzen, eta alboan izango genituen haien babesa aurrenekoz sentitzen.
Familia izan ohi dugu zutoin garrantzitsua gure ibilbidean, oreka galtzean eskura dugun helduleku nagusia. Nagusia, baina ez bakarra. Sehaskatik kanpo lehen urratsak egiten hastean, bizitzan zehar zainduko gaituzten beste protagonista batzuk ere agertzen baitira. Etxetik kanpoko euskarriak dira horiek, bigarren familia. Familia horrek, ordea, badu desberdintasun bat: bertako partaideak guk hautatzen ditugu, topatu ahala. Aukeratutako familia da, nolabait esan, lagunartea.
Edonon eta edonoiz topa daitezke bidaide horiek, eta bideak gurutzatzeko arrazoiak ere askotarikoak izan daitezke: kale berean bizitzea, antzeko denbora-pasak izatea, kirol talde berean aritzea… Baina bada eremu bat, gure inguruan behintzat, berebiziko garrantzia duena lagunarteak sortzeko garaian: eskola. Zenbat kuadrilla sortu ote dira haurtzaroko ikasgeletan?
Lagunak (aldi baterakoak, bederen) han eta hemen egiten ditugu; urteek aurrera egin ahala, are gehiago, gainera: unibertsitatean, lanean… Baina haurtzaroko lagunekin duzun harremana beti izango da desberdina. Eta, sarri, Euskal Herriko mugetatik irten arte ez gara konturatzen hain umetan sortutako talde horrek nolako pisua duen guretzat, eta zein arraroa den beste toki batzuetan halako loturarik topatzea. Momentu jakin batean elkartzeko konpainia izan daiteke lagun taldea askorentzat, momentu atseginez gozatzeko konpainia. Baina hainbeste urtean eraikitako laguntasunean bada zerbait gehiago ere: igaroko da denbora, biziko ditugu hamaika istorio, baina, berriro elkartzean, denbora pasatu ez balitz bezala sentituko gara, familiaren babesean sentituko gara.
Jaio garen sehaskak eragin nabarmena omen du gure etorkizunean, han jasoko baititugu bizitzan zehar beharko ditugun balioak, baina bigarren familia ere ezinbesteko pieza izango da gure ibilian: elkarrekin haziko gara, elkarrekin ikasiko dugu, elkarrekin egingo dugu barre nahiz negar, eta elkar zainduko dugu.
Orain, ingurura begiratuta, isilean egindako lana ikusiko du batek baino gehiagok, sehaskaren babesean etxeko onena emateko gurasoek egindako lana, belaunaldiz belaunaldi ikasitakoak irakasteko ahalegina… eta izandako zortea, jasotako eta aukeratutako familiekin izandako zortea. Izan ere, elkar zaintzeko lan egin dugu, bai, baina ezin dugu ahaztu nolako zortea izan dugun: eskerrak jaio ginen, eta eskerrak bizitzak elkartu gintuen.