Azken erreserba

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2025ko urt. 28a, 08:35

Aurtengo Trikigiro Eguneko kalejira. (Mailo Oiarzabal)

Ione Gurrutxagak 2024ko abenduko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zenbat aldiz esan dizute Gipuzkoaren erdian galduta dagoen herria dela zurea? Zenbat aldiz: "Baina Azpeitian ala Azkoitian bizi zara? Kanpokoontzat zaila da biak bereiztea, berdinak iruditzen zaizkigu…". Halakoak entzunda, batzuetan sentipena sortzen zait westernetan agertzen diren herri bakartu horietako bat dela gurea, mendi artean estrategikoki ezkutatutako azken erreserba. 

Historian jantziago direnek zehaztu beharko dute estrategia izan ote zen herria hemen kokatzeko hautua, baina Azpeitiak urte luzez mendien babesa izan duela ikusteko ez dago ezertan aditua izan beharrik. Orain, marko horren babesean ireki berri dute Mendietxe museoa, mendizaletasunaren historia jasoko duen gunea. Egin dituzte aurkezpenak, egin dituzte lehen ekintzak, eta badirudi behingoagatik mendiek ireki dituztela kanpoko herritarrengana iristeko bideak.

Behingoagatik esan dut, baina ez dezadan gezurrik esan. Urolako trenak garai batean nola, gaur egun ere trena bera da gure bailara kanpora zabaltzen duen garraiobide nagusia: urtez urte, hamaika dira triki-trakaren aitzakian Burdinbidearen Euskal Museoa ezagutzera etortzen diren bisitariak. Euskal Herriko zenbat familiak zapaldu ote dituzte dagoeneko Lasao inguruko errail higatuak?

Bada, halaber, triki-trakak ez, triki-trikiak bultzatuta iritsi denik gure kaleetara. Euskal Herriko Trikitixa elkarteak egoitza Basazabal jauregian jarri ondotik, zenbait saio, hitzaldi nahiz aurkezpen antolatu ditu bertan, eta sarri entzun dira soinuaren doinu alaiak nahiz panderoaren tarrapatan dardartiak herriko kale kantoietan. Garai batean, sanjosetako jaialdiak biltzen zituen musikari nahiz musikazaleak urteroko zitan, baina, aspaldian, herrian antolatutako bestelako edozein bilkura ere konplitu beharreko ekintza bihurtu zaie soinu-joleei. 

Behin azarora pasatuta, berriz, aurten ere ez dute hutsik egin antzerki topaketek. Hasiberri edo bide luzeko aktore, oholtza gainean guztiek izan dute tokia, eta, era berean, haur nahiz heldu, edonorentzat egon da lekua besaulkietan ere. Askotariko lanak taularatu dituzte urtez urte, eta arian-arian egindako bide horrexek eman die topaketei gaur egun duten sona. 

Soreasuko oholtza utzita, Dinamorako bidea ibilbide naturala izan daiteke norbaitentzat. Edo Dinamoan ernatutako hazien erakusleiho izan daiteke beste norbaitentzat antzokiko isiltasuna eta iluntasuna. Bidea batera nahiz bestera izan, Dinamoa beti izango da sormen leku, ideia berrien sehaska. 

Boteprontoan egindako bilketa da aurrekoa, askorik pentsatu gabe burura etorria, baina gunez gune eta ekitaldiz ekitaldi joanez gero, herriko kultura arloko ekintza eta mugimenduen zerrenda amaigabea sor nezake. Gukaren agendan klik egitea nahikoa da konturatzeko astero-astero zenbat proposamen dauden herrian: hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, zinema emanaldiak… 

Jakina da lasto artean gustuko gari alea topatzea batzuetan ez dela erraza izaten, baina ezin kexa gaitezke lasto pila hori eskasegia delako, behintzat. Horregatik, jada erabaki dut Azpeitia mendiz inguratutako herri galdua dela esaten didan hurrengoari zer esango diodan: bai, halaxe da, ba, gure herria, kulturaren erreserba naturala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide