Bizilagun

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga

(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak apirileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Behin munduratuta, ahalik eta ongien bizitzea da guztion asmoa. Egingo ditugu ahaleginak eta bi gutxi nekatu eta gozo-gozo egoteko, jardungo dugu buru-belarri amets guztiak betetzeko. Bide horretan, ordea, nahitaez behar dugu besteen laguntza, eta inguruak zeresan nabarmena du horretan: familiak, lagunek, lankideek... baita bizilagunek eurek ere. Bizitzako lagunak guztiak, bidaideak.

Inguruari begira jarri naiz, ea nolako jendea daukadan etxepean. Bada emakume bat, aire alai eta gorpuzkera seriokoa. Soseguz mintzo da, hitzak neurtuz, esan beharrekoa ongi hausnartuz. Nabari du bertsolaria dela. Bileretan aise hartzen du hitza, baina, ganbara ongi betea duen arren, gutxiago dakien edozein gizonezkoren ahotsak txiki sentiarazten du.

Bizilagun duen gizonaren hitzak, esaterako, eragin handiagoa du bilkuretan; nola ez, urte luzez futbol jokalari izanak ematen dio halako zera bat, ingurukoen begiradak erakartzen dituena. Gorpuzkera tente baina segaila du, eta konfiantzaz mintzo da, nahiz eta inor gutxik dakien presiopean bizi izanak zer ondorio eragin dizkion osasun mentalean.

Goiko mutikoak ere izango du agian futbolari ospetsu izateko ametsa, baina oraingoz mutiko arrunt bat da, igogailuan sartzean diosal egiten duten horietakoa. Ez dakit nolako harremana duen gurasoekin, baina barnetegietara bidali izan dute behin eta berriz, nahiz eta joan baino azkarrago itzuli den etxera. Ikasteak ez du asebetetzen, zoriontsuagoa da arreba txikiarekin jolasean.

Alboan bizi dute emakume gazte bat, bizkaitarra sortzez, jenio bizikoa, eta susmoa dut ustez lagun min zuenarekin nerabezaroan izandako gorabeherek bide okerretara bultzatu zutela. Geroztik urte gogorrak izan ditu, eta bere pentsamenduetan murgilduta ibili da. Orain gutxi elkartu omen da berriz lagunarekin, amonaren hiletan, baina ez dakit garai bateko kontuez hitz egiteko adorerik izan duten.

Bestelako bidea hartu zuen azken solairuko auzokideak. Oso gazte zela hil zitzaion lagun bat, bere buruaz beste eginda. Gai tabua izan da suizidioa urte askoan, eta gaur egun ere lan handia dago egiteko. Baina lagun horren kasuak badu beste berezitasun bat: transexuala zen. Halere, isiltasunak ez du tokirik bizilagunaren bizitzan, eta aukera duen bakoitzean ekartzen du gogora lagun mina.

Lehen solairuan ere kontatu beharra da nagusi, gizarteko injustiziei aurre egin beharra. Egunero ikusten dut auzoa lanean, bururik altxatu gabe. Marrazkilaria da, eta Iranen igarotako haurtzaroa eta Islamiar Iraultzak ditu kontakizun. Dena den, ez da etxepeko artista bakarra; laugarren solairuko leiho ertzari erreparatuz gero, ikusiko duzu idazlea, betaurreko biribilen atzean ongi gordea: aberria eta euskara idazgai hartuta, jarraituko du tiki eta taka orriak betez.

Bada bestelakorik ere nire etxepean: haurra zela Afrikako lurretan ibilitako gizona, amaren esanetara bizi diren eta etxetik irteten ez diren lau ahizpak, orain gutxi iritsi den emakume misteriotsua...

Gure bidean lagunduko digutenak, bidaideak, baina ez ezinbestean hezur-haragizkoak. Tsundokuan, elkarren gainean, solairuz solairu pilatutako istorioetako pertsonaia horiek guztiak eta batzuk gehiago izan ditut nik azkenaldian bizilagun, horiek ere izan baitaitezke eredu gure bizitzan; horretarako, ordea, besteen bizitzan muturra sartu ordez, orri artean topatu behar da denbora-pasa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide