XJ

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2025ko eka. 11a, 13:06

Mantangorriren jaitsiera, joan den maiatzaren 30ean. (Ihintza Elustondo)

Ione Gurrutxagak ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kalekume munduratu nintzen, baina ez kaletar. Toki askotan esanahi bereko hitz parea dira aurreko horiek, baina, muga ez-ofizialak tarteko, kalea urrun sentitu izan dut nik beti. Auzotar jaio nintzen kalez betetako auzo batean, eta baserriz, soroz eta zelaiz osatutako ingurua ezagutu zutenen ahotik ikasi genuen non zegoen hitzezko muga. Gure etxean ez baitira pareko izan kalera atera eta kalera joan: lehenarekin adieraziko da etxetik irteteko helburua; bigarrenarekin, saihesbide azpiko pasabidea igarotzeko asmoa. Izan ere, hantxe dago guretzat mugarria: maldan behera amaitzen da auzoa, eta maldan gora hasi kalea.

Etxebizitza arteko plazetako jolasetan hazi ginen, zebra-biderik ez gurutzatzea beste baldintzarik gabe. Edozein arkupe zen ate futbol-zelai inprobisatuetan; eraikinen arteko pasabideek emozioa gehitzen zieten zirkuituei bizikleta-lasterketetan, eta patin gainean dotoreziaz irristatzen ginen hiru metro koadroren barruan, lur lau gehiagorik ezean. Pixka bat koskortuta, hasi ginen inguruak esploratzen Loiola aldean, lehenik erabaki zail bat hartuta: trenbide zaharreko hartxintxarrez bete zapatilak, edo bide zaharrean barrena unean-unean geratu, autobusak harrapa ez gintzan.

Udako egun luzeetan, imajinazioa zen ez aspertzeko bidea herririk ez genuen auzoko haurrentzat. Ez zen erraza izaten jolas-lagunak topatzea kalea urrun baina herria gertu sentitzen zutenek alde egitean. Izan ere, eguzkia indartzean, husten ziren tabernak, jaisten ziren etxeetako pertsianak, eta nabarmen egiten zuen behera populazioak: etorkizun hobearen bila egindako bidea berregiten zuten auzotar askok, baina kontrako norabidean, familiaren bilgune zen pueblo-ra. Eta hemen geratzen ginen halakorik ez genuenak, sekula geure begiekin ikusi ez baina istorioz istorio buruan irudikatu genituen lur haietatik zer berri ekarriko zuten esperoan.

Geurea gertuago genuenez, pixkanaka, hain urruti genuen herria ezagutuz joan ginen: Alde Zaharreko kaleak izendatzetik hasi eta sokamuturrean zezena non dabilen aurreikusteraino, Azpeitiari buruzko hainbat kontu ikasi egin behar izan ditugu, lagun artean kamuflatu ahal izateko. Eta, halere, askotan entzun dugu desairez egindako iruzkinik: herriko ligan, auzotarrak bigarren mailan beti.

Urteen joanarekin, baina, ikasi dugu gauzei bestela begiratzen, halako haurtzaroa bizi izanak zenbat eman digun ulertzen: zergatik lotsatu gure jatorriaz? Etxez etxe, bizitza duin baten bila zebiltzan langile-familiaz bete zen auzoa, izan hemengoz, izan haragokoz, eta elkarbizitzaren izenean denek jarritako aletxoek osatu dute gure bizitokia.

Orain, ekaina iritsita, bat baino gehiago jarriko da Sanjuandegiri begira: auzoa bilakatuko da herriaren erdigune, Mantangorriren zaintzapean. Batzuentzat, festek eman baitiote prestigioa: urtean behin bada ere parrandarako parada eskaintzen duen eremutzat dute askok. Baina hori baino gehiago da beste askorentzat.

Haurrak ginela, zenbat aldiz ibili genituen marigorringoak eskuetan "amona mantangorri, zeruan zer berri?" abestuz? Eguraldi onaren iragarle ziren animaliatxoak gurean, eta zorte onaren adierazle dira beste zenbait kulturatan. Niri etxerako bidea erakusten didate mantangorriek, eta, hatz muturretik eguzkira, badela txikitasunetik handi egiteko biderik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide