Gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2026ko urtarrilaren 3a

(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ordenagailuaren pantaila zuri, bi hilabetean behin gertatzen zaidan bezala: hainbeste gai munduan pil-pilean, hainbeste albiste egunero, hainbeste iritzi bataren eta bestearen inguruan, eta, Gukako kolaborazioa idatzi behar dudan garaian, guztiak iruditzen zaizkit hutsal eta antzu. 

Inspirazio bila, klik hemen eta klik han, iruditu zait munduak ez duela hobera egiteko itxurarik, eta hobe dudala aktualitatea albo batera utzi, guztion mesedetan. Hemerotekara jo dut orduan, ez dezadan aurrez aitaturiko gairen bat berriz hona ekarrita tinta alferrik xahutu, baina hara non topatu dudan lotsa gutxirekin idatzi nuen hura: Axularren esanei muzin egin, eta prokrastinatzea goraipatu nuen behin. Luzamendutan ibiltzearen bertuteei buruz aritu nintzen testu hartan, kantitatearen aurretik kalitatea jarri beharraz, presak nahiz antsiak tarte batez albo batera utzita.

Pasatu dira zenbait urte, eta Euskaltzaindiak oraindik ez du egin prokrastinatu hitza hiztegian sartzeko pausorik, baina gu ez gara gelditu, eta, urratsez urrats, bizi-bizi, korrika jarraitzen dugu egunero, produktibitatearen izenean, egunaren minutu bakoitzean ahalik eta egiteko gehien pilatuz. Izan ere, ohitura batzuk bizio txar bilakatzen zaizkigu maiz, eta, horien konpainian hainbeste urtean bizi izan ondoren, gure egunerokotik ateratzea ez da lan makala izaten: nerabe ginela iritsi zitzaigun belarri ertzera tempus fugit esana; batek daki latineko klasean, liburukoteren batean edo telebista saio txatxuren batean harrapatu gintuen, baina handik aurrera beste begi batzuekin begiratu genien haur ginela amaigabe iruditzen zitzaizkigun egun haiei. Eskerrak Poeta hilen kluba ikusi genuen gero, film hark eman baitzigun denboraren joanak eragindako ezinegona eta korapiloa nolabait laxatzeko bidea: carpe diem. Baina, lasaitu beharrean, momentua bizi beharraren harrak irentsi gintuen orduan, oso-osorik. 

Geroztik, dena harrapatu nahiak, dena bizi beharrak gidatu ditu gure pausoak, egunak askorik sentitu gabe igarotzeraino: antzararen joko bihurtu dugu bizitza, eta, laukiz lauki, ahalik eta azkarren helmugara iritsi nahian igaro ditugu orduak, amaiera zein den gogoan izan gabe, itxuraz. Guztia hemen eta orain behar dugu, nahiz eta tramite huts bihurtu ekintza bakoitza, hurrengo laukira ahalik eta arinen pasatu ahal izateko. Baina, sarri ahazten badugu ere, jokoa ez da errenta, eta, nahi edo nahi ez, beti eroriko da jokalariren bat putzu ilunaren laukitxoan. 

Inork espero ez duenean okertzen baita bizitza labirintoetako bihurguneetan: gaixotasunak, istripuak, atsekabe, samin eta berri txarrak… Inor ez da haiei ihes egiteko bezain ahaltsu, eta, dadoak albo batera uztean, hasierako laukitxora itzuli eta partida hutsetik hastea ez da aukeren artean ageri: datorrena onartu, eta aurrera jarraitu, ez da beste biderik. 

Axularri arrazoi pixka bat eman beharko diot oraingoan, luzamendutan ibiltzeak berak ere bai baitu arriskurik: badira zenbait eginbehar, momentuan garrantzirik eman ez, eta bete ezin ditugunean damua eragiten digutenak, gainerakoen aurretik jarri beharko genituzkeenak. Bihar ere eguna argituko duela esanez amaitu nuen aurreko testua, baina hala ez balitz, zer egin nahiko zenuke gaur?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide