Urtero bezala, aurten ere konturatzerako harrapatu gaitu urte berriak, eta atzetik ekarriko du betiko segida: hari eta honi "urte berri on!" esaten aspertzen garenerako Aste Santua ate joka izango dugu; eguraldiak hobera egin bezain pronto jarriko gara udako oporrei begira, eta, sandaliak armairu txokoan gorde orduko, han agertuko zaizkigu berriz turroiak supermerkatuetan eta Gabonetako argien dirdirak kalean. Eta berriro gurpilaren hasierara.
Hain urrutira joan gabe, ordea, urtarrileko usadioei begira jarrita, honezkero entzun izango da etxeren batean betiko mantra: urte berria, bizitza berria. Kirola egiten hasteko helburua, hizkuntza exotikoak ikasteko interesa, lagun zaharrekin harremana berotzeko gogoa, eta liburu pila mesanotxean, hautsa nork kenduko. Asmo onez betea zakua, korapiloa noiz askatuko zain.
Momentuan boladan dauden denbora-pasen azterketa sakona egin, eta, azkenean, auzokoaren inbidiaz egingo du batek baino gehiagok aukeraketa, eguneroko elkarrizketetatik kanpo geratzeko beldurrez: Strava-ko datuak eta markak, belarria ohitzeko hizkuntza podcastak edo hamaika mintzairatara itzulitako azken best-sellerrak.
Bata aukeratu edo bestearen alde egin, behin zerbaitetan muturra sartuz gero, badirudi gainerako guztia ahazten dugula, bizitza horretan murgiltzen baikara buru-belarri, berritasunaren lilurak itsututa; abantaila besterik ez diogu ikusten aukeratutako horri, gainera, maitasun istorioen hastapenetan nola. Inguruko guztiak afizio berri horretara erakartzen saiatuko denik ere izango da, zein pasio aberasgarria duen lau haizeetara zabalduz, eta, horretan dabilela, algoritmoak jabetuko dira erabiltzaile horren interesak zeintzuk diren: "Hara, telefonoa edo ordenagailua hartutako bakoitzean hobby berrirako behar-beharrezkoa dudan material dena agertzen ez zait, ba, kasualitatez!".
Teknologiak bizitza erraztu digu, nola ukatu hori, eta, etxetik atera gabe, behar dugun (eta behar ez dugun) guztia topatzeko modua izatea abantaila nabarmena da gure egunerokorako. Ekipamendu guzti-guztia, edonolakoa dela ere, eskura izateko aukera eman digu: izan punta-puntako korrilakarien zapatilak, izan artista gorenek darabiltzaten pintzelak, baita sukaldari Michelin izardun horien lapikoak ere. Klik bakarrean, gure behar guztientzako konponbidea.
Halako batean, dena den, ilusioa lausotu egingo da, eta, pixkanaka, hainbeste erakarri gaituen interes hori alboratuz, itzuliko gara lehengo bizimodura. Betiko ohiturak, betiko lekuan. Bidean ikasitakoak ikuspegia zabaltzeko balioko digu, gauzak beste era batera ikusteko: baina noiztik saltzen dute herriko burdindegian nik Txinatik zuzenean ekarritako azken teknologiadun entxufe lapurra?
Modu automatikoan bizi gara, presaka, eta sarri ahaztu egiten zaigu Internetik gabe bizitzeko aukera ere badaukagula eta horretarako hainbat aukera dugula herrian bertan: askotariko dendak eta zerbitzuak dauzkagu eskura, urrutiko intxaurrak baino askoz hobeak, eta, sarri, gutxien espero dugun tokian topatzen dugu hain beharrezkoa duguna.
Saltokiak eta zerbitzuak dira herriari bizirik eusten diotenak, baina haiek martxan jarrai dezaten, nahitaezkoa da sosa: ez larrialdi deia, jakina, dirua baizik.
Merkealdi garaia hasita, ziur naiz Interneteko argazki txundigarriei begira erositako produktuak baino fidagarriagoak topatuko ditugula herrian bertan; izan ere, herriko poeta berriak dioen bezala: "Gertukue baño gauza hoberikan ba al da?".