Oinatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2026ko apirilaren 19a

(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak martxoko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lur jorratuan lanari ekitea beti izaten da samurragoa: sasi artean biderik ireki beharrik gabe zuzenean lur gozoan hazia ereiten duenak lan horrexetan jarriko du bere borondate osoa, esperantza guztia.

Txikitako ipuinekin irakatsi ziguten horixe zela bidea, aspaldi hasitako zidorretan barrena egin behar dela aurrera, aurrekoen arrastoei jarraitu eta sustraiak sail landuetan errotu behar direla: istorio horietan, jostunaren alabak haurra denetik erabiliko ditu orratzak eskuz esku, eta medikuaren semeak gogoz ikasiko du, ezinbestean, zirujau garrantzitsu bihurtzeko. Behin eta berriz, aurrekoen uberan, haien bideari lotzeak dakartzan abantailak azpimarratu dizkigute kontakizun horiek. Baina, ipuinen mundu ideala albora utzita, eguneroko bizitzan ere pausoan-pausoan topatu ditugu halako adibideak: amaren ile-apaindegia oinordetzan jaso duen alaba, eta kolperik kolpe aitak bezala egurra irudi txundigarri bihurtu duen seme taillugilea, kasurako.

Dena den, etxea ez da soilik arlo profesionalean izan babesgune. Zaletasunak ere belaunaldiz belaunaldi transmititu dira askotan: izan lorezaintza, izan abesteko pasioa edo izan kirolen bat, zer ikusi, hura ikasi, eta etxeko usadioek segida izan dute sarritan. Bateko edo besteko dinastia garrantzitsuak ezagutu ditu Euskal Herriak, enbor bereko ezpalak: herri kiroletan, bertsotan nahiz antzerkian, esaterako, ez zaio buruari askorik eragin behar kide nabarmeneko familien zerrenda txukun bat osatzeko. Etxea lehen urratsen babesleku izan delako edo etxean bide horretarako baliabideak eskura izan dituztelako, hasiera samurtzeko aukera izan dute askok, plazara atera aurreko praktikak leku seguruan egiteko parada.

Baina oro ez da urre, eta artalde guztiek dute beren ardi beltza. Zer egin munduratu zarenetik  bideratua duzun etorkizun hori ez bada zure bizitzako amets? Izan ere, jaio garen sehaskak onean bezainbeste eragin dezake txarrean gure bizitzan: ingeniariaren semeak dantzari profesional izan nahi badu, zer? Halakoetan, maiz ikusi dugu abizenak pisu nabarmena duela, ez etxean bakarrik, baita ingurukoen aurreiritzietan ere, eta zama hori gainetik kentzea ez da batere lan atsegina. Tailerrean muturra belztuta bizimodua atera duen horren oinordekoak nola irabaziko du, bada, eguneroko ogia artelan artean aurpegiaren ordez eskuak koloreztatuta?

Horra hor ipuinei jaramonik egin ez dieten horientzako erronka: sasi artean bidea irekitzea beraiei dagokie, sailak jorratu eta lur oparoa lortzea ereindako haziak indartsu erna daitezen. Hutsetik hastea, kosta ahala kosta. Bide horri ekiten dionak izango du lana sobera, eta bizi beharko du etsipenik, halabeharrez, baina egindako ahalegin orok emango du emaitzarik berandu baino lehen, ibilbide gogorraren sari.

Hamaika bide bizitza bakar batean aukeratzeko, eta zalantza bat: norantz bota lehen pausoa? Barruak agin diezaiola bakoitzari nondik jo, eta norberak izan dezala nahikoa indar sastraka artean bada ere beti aurrera egiteko. 

Irakurlearen baimenez, horixe bera opa nahi diot gure etxeko txikienari ere: aurretik ireki ditugun bideetan nahiz berak aukeratutako sasitzetan, beti egin dezala aurrera, bere bideak irekiz, bere arrastoa utziz, baina gogoan izan dezala oinatz horiei atzera jarraika topatuko duela etxerako bidea ere, betiko babeslekua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide