Kolorez

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2026ko ekainaren 29a

24. Korrika Bustinzuriko Errebaletik Arana kalera, joan den martxoaren 28an. (Korrika)

Ione Gurrutxagak maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da hau.

Erori nintzen ni ere. Pantailen aro honetan, hainbeste streaming plataforma, hainbeste sare sozial eta hainbeste ikus-entzunezko, kritiken jopuntuan jartzen ditugu maiz, denbora galtzeko bide aproposak direlakoan, baina, eguna joan eta eguna etorri, inor gutxi da gai halakoei bizkarra emanda bizitzeko. Eta are gutxiago beste hizketagairik ez bada inguruan. Zenbatek ikusi ote dituzte boladan dauden telesailak gogo handirik gabe, lagunarteko hizketaldietan zerbait ulertzeko bakarrik!

Antzeko fenomenoa ibili dugu inguruan guk ere orain hilabete pasatxo: "Arranoaren hegaldia lumadi berriazlau haizeetara zabalduz, sare sozialetan bolo-bolo ibili diren erorikoen bideoei buruzko berriketaldietatik kanpo geratu nahi ez, eta erori nintzen ni ere. Eta katigatu. Korrikaren zuzeneko seinaleak bai baitu zerbait, behin harrapatzen zaituenean askatzea zail egiten duena.

24 orduz, zoro zoragarriek eskuz esku eraman dute lekukoa Euskal Herriaren luze-zabalean, eta, azken aldietan bezala, etxeko goxotasunean geuk ere ibilbide horren lekuko izateko parada izan dugu. Turismo merkea etxeko sofatik altxatu gabe.

Atharratzetik abiatuta, ikusi dugu lekukoa Luzaideko bolanten erritmoan, Zetaken abestiaren koreografietan, joaldunek eskoltatua nahiz maskaradetako protagonisten abaroan; izan ditu nekeak Pirinioetako maldetan gora eta behera, eta arnasberritu da Erriberako eta Araba barreneko lautada zabaletan; egin du aurrera gehienean errepidez, baina baita itsasoz ere, eta, tupustean, lurrean jirabiraka; metroz metro, babestu dute hegoaldeko eguzkipe erre eta sargoritik, eta, putzuetan plisti-plasta, eman diote aterpea Kantauri aldeko euri zaparradetan; erakarri du korrikalari andana egunaren argi-itzaletan, eta, gauaren iluna nagusitzean, argitu dizkiote bideak txapligu eta bolanderekin; dozenaka lagunek osatutako errekaxtoek nahiz milaka pertsonako giza mareek, denek egin dituzte bere hirietako autobide eta pasealeku zabalak, eta harrotu dituzte herriz herriko bidezidor nahiz bidexketako hartxintxar eta hautsak; eta, urratsez urrats, suhiltzaile, nekazari, irakasle, kazetari, klausurako moja, erizain, mediku, dendari, administrari, igeltsero eta bestelako hamaika langileren eskutik, lekukoak egin du Bilborainoko bide luzea.

Elkarlana eta helburu berarekin aurrera egitea, horiexek dira aldiro-aldiro Korrikari eusten dioten balioak, halaxe izan dira edizioz edizio. Arruntzat ditugu, ohikoa bihurtu baitzaigu bi urtez behin hainbeste jende elkartzen, sarera josten duen egitasmoa. Baina 24 orduko emanaldiko txikikeriei begira gaudela, konturatu al gara zenbat kolore dituen Euskal Herriak? Edo, hobeto esanda, zenbat koloretako euskaldunak dituen Euskal Herriak?

Gure mundu txikitik begiratzen diogu mundu zabalari, eta, askotan, gehiegitan, oso maiz, gaizki gabiltzala ohartu beharrean, beste mundu horiek erdaraz direla sinetsita bizi gara, gure habitatetik kanpo gure hizkuntzarik ez dela. 

Kolorez beteriko Euskal Herria da gaurkoa, eta oinetan kilometroak pilatuz pauso pausatuan aurrera goazenok irakatsi beharko diegu zapatak urrats txikiz urratzen hasi berri diren horiei beraiek ere badutela kolore guztiak oihal bizi berean elkartuko dituen hari mutur bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide