Txirrindulariek azken esprinta jotzean nola, halaxe amaitzen dut nik urtero ikasturtea, hustuta. Beste edozein langilek ere atsedena gogoan duela egingo du lanerako joana egunero, nola ez, baina, irailetik begira jarrita ekain amaiera helmugatzat duzunean, maiatzetik aurrerakoa mendate pikoa bihurtzen da.
Klase orduak gutxitzearekin batera, aparteko lanei erantzun behar izaten zaie, gainera: ikasturte amaierako azterketak, azken zalantza, errepaso eta urduritasunak, zuzenketak, batezbestekoak, bilerak... eta zenbanahi txosten. Urtez urte, luzatuz doa bete beharreko paper eta dokumentuen zerrenda: gurasoei helarazitako buletin gero eta xeheagoak, Hezkuntza sailean aurkeztu beharreko idazki amaigabeak, urteko memoria, balorazio eta programazioak... Halakoen baliagarritasunari buruzko eztabaida beste baterako utzita, garbi dagoen kontua bakarra da: egunak guztiontzat 24 ordu dituenez, horiek zirriborratzen xahutzen den denbora ikasleen mesederako erabili beharreko tartetik ateratzen dela.
Burokraziak gaina hartu digu, eta haren menpe gabiltza nahi baino gehiagotan. Eta ez da irakasleon arazoa bakarrik, medikuei ere askotan entzun diegu txostenak betetzen denbora gehiago ematen dutela, pazienteak artatzen baino. Pertsonekin lan egiten dugu, eta haien beharrei erantzuteak behar luke helburua. Baina badakigu: azkar eta ondo, usoak hegan. Beraz, ez daukagu alderdiren batean herren ibili beharra beste erremediorik.
Materiala prestatzea, berritzea nahiz gelaren eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea behar-beharrezkoa dugu eguneroko lana ganoraz egiteko, baina bide horretan ere egunero topatzen ditugu hartxintxarrak. Dagokigun hezkuntza curriculuma menperatzen dugunerako, berria martxan jartzen da, eta berriro ere hasierara, etenik gabeko jokoan. Hezkuntza gaur egungo errealitatera egokitzea omen da aldaketen helburua, etorkizuneko herritar gaituak heztea, baina, batxilergora iritsita, garai bateko eskolara itzularazten ditugu ikasleak, unibertsitatera sartzeko probak beti bezalako azterketak baitira oraindik. Beti bezalako azterketak, baina urtez urte gero eta presio handiagoa eragiten dutenak. Gutxieneko notei begira pasatzen dute ikasleek ikasturtea, hamartarren kontaketa etengabean, euren ametsetako ikasketetara iritsiko ote diren beldurrez. Ikasleei laguntzeko helburuz, urtea azterketa horiek ahalik eta ongien prestatzen igarotzen dugu, baina zoriaren esku utzi behar izaten dute ikasleek etorkizuna, ea urte horretan nori tokatuko zaion nondik heldurik ez duen azterketa.
Kexatzea libre omen da, baina honezkero pentsatu du norbaitek irakasleok garela kexatzeko arrazoi gutxien dugunak egun. Argi dago baldintza askoz ere kaskarragoetan ari den hamaika langile badela gure inguruan, baina beldur naiz hezkuntzak azkenaldian hartu duen norabideak lan egiteko moduan eta gure etorkizunean nolako eragina izango duen. Urte askoan klariona bokazioz astindu duten lankide asko ikusi ditut etsipenak jota, euren lanarekin ase ezinda, benetan maite duten hori egiteko oztopoa besterik topatzen ez dutelako. Udak eman diezaiela horiei guztiei irailetik aurrera topatuko dituzten maldetan gora gogoz ekiteko nahikoa indar, biharko belaunaldien bidean iparrorratz zuzen izaten jarrai dezaten.