Zilarkara

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga

Ione Gurrutxagak urriko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ezkontzea boladan dagoela dirudi. Edo baliteke irudipen hutsa izatea, aspaldian inguruan izan diren ospakizunek eragindako lilura. Jakina, adinak ere izango du zerikusirik horretan, ezkontzen ari diren gehienak gure adintsukoak baitira, eta, herrian, gehienak, ezagunak. 

Baina bestelako bi gonbidapen jaso ditut nik azkenaldian, halakorik ospatzen zela jada ahaztua nuenean. Zilarrezko ezteiak izan dira elkartzeko aitzakia, 25 urteren ondoren oraindik lehen ospakizun hartan aitortutakoak bizirik jarraitzen duela baieztatzeko aukera. Lehen aldien glamourrik gabe, eta bestelako konpainian: orduan presente ziren zenbait kide falta zirela, eta izango zenik pentsatu ere egiten ez genuen askoren babesean. 

Izan ere, mende laurdenean asko aldatu zaigu ingurua, asko aldatu zaigu mundua. Atzera begira jarri naiz, 2001. hartatik nolako aldaketa izan dugun ikusteko: familia bat sortu eta koskortzeko tarte horretan teknologiak menpean hartu gaitu, esaterako. Estreinatu berri genuen mende hartan inor gutxik imajina zezakeen pantaila bati itsatsita egoteko halako beharra sentituko genuenik urte gutxian. Lehen sakelakoak sortuak izango ziren ordurako, baina zapaten tamainako aparatu haiek oso bestelako funtzioa zuten gure gizartean: larrialdiekin harreman handiagoa zuten aisialdirekin baino. 

Eta telefono haiek gerrikoan lotuta zeramatzan jendearen irudia gogoan, garai hartako moda berehala datorkigu burura. Galtza zabalak arrastaka, kale bazterretako zikinkeria guztien biltzaile, kamiseta laburrak eta gerria agerian. Eta orduan haur ginenak ametsetan, nerabeek zeramatzaten arropa haiek janzteko baimena noiz lortuko. Tartean behin, oraindik ere ikusten dira estetika hura gogorarazten duten oihal zatiak, eta batek baino gehiagok desiratuko du, nostalgiaz, galtza barrenak bustita eguna pasaraztera behartu zituen moda ez dadila sekula itzuli.

Kontuak kontu, mende aldaketa hartan nolakoak ginen gogoratzen nenbilela, konturatu naiz irudi orokorra bai, baina urte hartan ospatu genituen bi ezkontzen oroitzapen gutxi dudala. Egunean zeharreko zertzelada batzuk datorzkit, baina ez naiz gai gogoratzeko modukoak diren beste zenbait alderdi burura ekartzeko. Egia da ez dela arraroa hainbeste urte atzera gertatutakoak ez oroitzea, kontuan izanda, gainera, haurra nintzela, baina orain gutxiko urteurren batek kezka eragin dit: 25 urte bete dira Dorre Bikiak eraitsi zituztela. Eta egun hartako irudi pila bat etorri zait gogora bat-batean: ni txikia telebista aurrean, hegazkinen irudi zilarkarari adi, zer gertatzen zen ongi ulertu gabe. Hurrengo egunetako elkarrizketak, eskolako jolastokiko hizketaldiak, munduak nola funtzionatzen zuen asmatu nahian zebilen haur taldearen ikuskera mugatua. Ongi argi ditut oraindik hainbat irudi, baina ez dut ulertzen zergatik: gugan emozioak pizten dituzten gertakariek aztarna uzten omen dute garunean, baina ezkontza bat ez al da nahikoa arrazoi emozio horiek dantzan jartzeko?

Ziur naiz telebistek ordutik urtero eman duten matrakak baduela zerikusirik oroitzapenak sortze horretan, gure oroitzapenak nahi duten bezala moldatzean. Horregatik, badaezpada, tartean behin axola zaizkidan argazkiei begiratzea erabaki dut, hemendik 25 urtera senti ez dezadan gogoan behar nuen hori ahaztu eta auskalo nork nahi duen oroitzapenez bete dela nire memoria.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide